Urte hasieran indarrean jarritako dekretuak saltoki txikiei noiznahi irekitzeko aukera ematen die, eta merkataritza guneei zortzi jaiegunetan ateak zabaltzeko eskubidea aitortu arren, sektorean lortutako akordioen ondorioz ez dute egun bakar bat bera ere ireki. Hirietan, berriz, tirabirak izan dira ohiko denda eta bazarren artean, txinatar enpresaburuek «ez dituztelako errespetatzen ez inguruotako dendarien hitzezko akordioak, ez Eusko Jaurlaritzaren merkataritza legeak», Santurtziko Merkatarien Elkarteko presidente Montxu Martinezek Berriari azaldu zionez.
Agian 120 metrotik gorakoei
Merkataritza sailburuordeak «legealdi honetan» abiatuko duten lege proposamena dela argitu zuen eta «Espainiako Industria Ministerioarekin akordioa lortuz gero, mugak 120 metro koadrora jaisteko» asmoa dutela gaineratu zuen. Merkataritza ganberen aspaldiko eskaera da.
Jaiegunetan baino «dendek zabalik ematen dituzten orduak ikusi behar dira». Horren harira, bazarren adibidea aipatu zuen Garciak, eta udal agintariei ordutegien gainean arautzeko eskumenak emateko asmoa dutela iragarri zuen: «Ordena publikoari eusteko egoeretan, udalek ixteko orduak agintzeko eskuduntza izango lukete». Horrela, hirietan, tabernak itxi eta gero dendek ezin izango lukete «janaririk edota edaririk» saldu. Merkataritza sailburuordeak merkataritza gune erraldoi berrien amaiera berretsi zuen atzoko agerraldian. Gune horiek, hirien ondoko lurzoruetan eraikitakoak, 25.000 metro koadro erabilgarri izan ahalko dituzte, gehienez, aurrerantzean. Egungo gune askok muga hori gainditzen dute, baina aurten iragarritako egitasmoak ez du eraginik izango araudia onartu aurretik egin ziren saltoki handietan.Jaurlaritzak merkataritza gune «handien eta saltoki txikien arteko oreka» bilatzen duela azaldu zuen Garciak eta, horretarako, «gutxienez %50» ohiko dendak izateko neurriak hartuko dituzte. Alabaina, gizartean «aldaketa sakonak» eman direla ohartarazi zuen, eta erosleen ohiturak ere aldatu direla esan zuen, azpiegiturek horretan duten garrantzia nabarmenduz, besteak beste: «Metroak hamar urte bete dituela, ikustea besterik ez dago nola aldatu den bilbotarren egunerokotasuna, baita kontsumoari dagokionez ere».Lehiakorrak izateko, «merkatarien arteko lankidetza ezinbestekoa» izango dela ziurtatu zuen, eta «ingurune estrategiak» aipatu zituen jorratu beharreko eredu gisa. Dendarien elkarteen zeregina ez ezik, merkataritza guneak sustatzekoa eta laguntzak eskuratzekoa udalena ere badela nabarmendu zuen Garciak. Merkataritzak hiru lurraldeen BPGren %11,5 eta enpleguaren %12 sortzen du.
SUSTAPENERAKO LAGUNTZAK
Sei milioi euro
Merkataritza Indartzeko Plan Bereziak ia sei milioi euroko aurrekontua izan du 2005ean. Datorren urtean %40 igoko da, 8,5 miloi euroraino. Egitasmo horien helburu nagusia udalerrietako merkataritza guneak sustatzea da, horretarako beharrezkoak diren azpiegiturak sortuta eta merkataritzaren jarduera bultzatuta.
Aurten emandako laguntzetatik, Araban 549.215 euro inbertitu dira, aurrekontuaren %9,4. Bizkaian ia erdia,%48,6, eman du Merkataritza Sailak, guztira 2, 8 milioi euro baino gehiago. Diru horretatik, ia 900.000 euro Ezkerraldeko lau herriek (Barakaldo, Portugalete, Sestao eta Santurtzi) eraman dute, lurralde osoan inbertitutakoaren %30 alegia. Gipuzkoan ere, zaharberritu beharreko zonaldeek jaso dute diru kopururik handiena. Pasaiako badia eta honen inguruan 227.205 euroko laguntzak eman dituzte, Gipuzkoa osoan banatutakoaren %10. Orotara ia 2,5 milioi euro inbertitu dira lurralde honetan. Guztira, 38.853 saltoki daude Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 30.824 denda txikiak dira.