BBK-k 234,2 milioi euro irabazi ditu urrira bitarte, iaz baino %9,8 gutxiago

Hipoteka maileguak %2 hazi direla eta CajaSurrek 3,6 milioi irabazi dituela nabarmendu du

Erredakzioa
Bilbo
2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Urtarriletik urrira bitartean 234,2 milioi euro eskuratu ditu BBK-k. Ez da gai izan iazko emaitzak parekatzeko, %9,8 gutxiago irabazi baitu. Halere, hiru datu nabarmendu nahi izan ditu finantza erakundeak: CajaSurrek 3,6 milioi euroko ekarpena egin diola, norbanakoei emandako hipoteka maileguak %2 hazi direla eta berankortasuna kontrolpean mantendu dela.

«BBKren marjina nagusiek—CajaSur kenduta— merkatuak baino joera hobea izan dute urte osoan», azaldu du finantza erakundeak. Berankortasunari dagokionez, jaitsiera adierazgarria izan du. Iazko urtea %9,03ko tasarekin bukatu zuen taldeak; bederatzi hilabete geroago, %8,92ra jaitsi da kopurua. BBK bakarrik kontuan hartuz gero, %2,76koa da berankortasuna, sektoreko txikienetakoa.

Maileguetan ere ahalegin berezia egin duela azaldu du. «Maileguek murrizketa nabarmena izan dute oro har, baina BBKren mailegu inbertsioa %1,7 hazi eta 22.399 milioi eurora iritsi da». Inbertsio horren barruan, etxebizitza erosteko erabilitako maileguetan egon da aldaketarik aipagarriena. «%2 hazi da horien saldoa». Mailegu arriskuen estalduran zuhurtzia maila gorenari eutsi dio finantza erakundeak. Zuzkidura generikoak %125ekoa izan dira, legeak baimentzen duen maila gorenekoak.

Gizarte ekintzarako 53 milioi euro erabili ditu BBK-k urrira bitartean, urteko aurrekontuaren %73 inguru. «Tamaina kontuan hartuta, gizarte ekintzara ekarpen handiena egin duen aurrezki kutxa izan gara». Lehentasuna «kalitatezko enplegua sortzea» izan dela adierazi du. «Ekintzaileak babestu ditugu, eta beka programak abian jarri». Horretarako, BBK Fundazioak 17,4 milioi euro eman ditu gizarte finantzaketara. Bultzatutako programen bidez, 140 proiektu martxan jarri eta 155 lanpostu sortu direla nabarmendu du, gehienak auto enpleguak. Halaber, zeharkako beste 3.227 postu mantentzen lagundu duela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.