Kordobako (Espainia) CajaSurrek porrot egin du, eta ezin die aurre egin bere inbertsiogileekin hitzartutako konpromisoei. Tartean, lehentasunezko partaidetzen dibidenduen ordainketari. Iraileko dibidenduekin egin zuen moduan, BBK-k, CajaSurren etorkizuneko jabeak, esan du berak ordainduko dituela CajaSurrek inbertsiogileei abenduaren amaierarako hitzartutako dibidenduak.
Urtarrilean ordainduko ditu iraileko eta abenduko dibidenduak, CajaSur bereganatzeko prozesua amaitu ostean. Hala jakinarazi dio BBK-k Balio Merkatuaren Espainiako Batzordeari (CNMV).
Berez, BBK ez dago derrigortuta ordainketa horiek egitera, baina ordaintzea erabaki du, CajaSurren bezeroak babesteko eta erantzukizunez jokatu nahi duela erakusteko; balantzearen balioari eusteko; eta «politika komertzialagatik bakarrik».
150 milioi euro
Lehentasunezko partaidetzen jabeek datorren urteko lehen egunetan jasoko dute dibidendua, ordurako espero baita CajaSurren aktiboak eta pasiboak BBK Banken esku geratzea.
CajaSurrek 600 euroko 250.000 lehentasunezko partaidetza jaulki zituen 2000ko abenduan. 150.000 milioi euro guztira. Finantza erakundeek bezeroei eskaintzen dieten produktu mota bat dira lehentasunezko partaidetzak. Interes handia eman ohi dute, baina produktu arriskutsuak dira, finantza erakundeak irabazirik izan ez badu, bezeroa dibidendua jaso gabe gera baitaiteke, eta bankuak porrot egiten badu, inbertsioa galtzen baita —ez du gordailuak bermatzeko funtsak babesten—.
Espainiako Bankuak CajaSurren esku hartu behar izan zuen. Gero BBK-k eskuratu zuen, enkantean, uztailean. Kutxa eta bere zuloa: urtarriletik abuztura bitartean 852,5 milioi euro galdu ditu.
BBK-k ordainduko ditu Cajasurren lehentasunezko partaidetzen dibidenduak
Bizkaiko kutxa ez dago hala egitera derrigortuta, baina ordaintzea erabaki du, bezeroak babesteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu