BBK Taldeak 220,2 milioi euroko irabazia izan zuen iaz eta Vital Kutxak 14,7 milioi eurokoa. Gaur jakinarazi dituzte erakundeek iazko emaitzak. Kutxen emaitzetan eragin nabarmena izan dute probisioek. Onartu dute diru asko bideratu behar izan dutela probisioetara, zenbait aktiboren arriskutik babesteko. Probisioetara dirua bideratuta ere, kaudimen mailari eusten diotela esan dute bi kutxek.
Hiru erakundeetako presidenteek jasotako ordainsariei dagokienez, Mario Fernandez BBK-ko buruak 514.900 euro irabazi zituen, 2010ean baino %15 gutxiago. Carlos Zapatero Vital Kutxako presidenteak 183.194 euroko soldata izan zuen. 2010eko uztailean hartu zuen kargua eta, beraz, zaila da konparaziorik egitea. Betiere, bost hilabete horietan 72.613 euro lortu zituen. Xabier Iturbe Kutxako buruak 317.000 euro jaso zituen.
BBK Taldearen emaitza 2010ean lortutakoa baino %14,6 apalagoa da. Berankortasun tasa ona du erakundeak, %2,90koa. Taldeak lortutako irabazietan, CajaSur-ek 2,9 milioi euroko ekarpena egin du. BBK-k bereganatu eta gero, Andaluziako (Espainia) kutxak irabaziak izan ditu. BBKren emaitzetan adierazgarria da komisioek izan duten igoera: 207,9 milioi euro bildu ditu komisioetan, 2010ean baino %41,1 gehiago.
BBK-k lortutako irabazietatik 82 milioi bideratu ditu gizarte ekintzetara. Erakundeak adierazi du lehentasuna kalitatezko enplegua sortzea izan dela eta, horretarako, bekak eta gizarte-finantzazioa eman dituztela. Elkartasunaren eta gizarteratzearen alorrean, Gizarte Proiektuen hamargarren deialdiak %5eko ekarpen handiagoa egin duela azpimarratu du BBK-k. Kulturaren alorrean ere BBK aretoaren emaitzak onak izan direla esan du.
Vital Kutxari dagokionez, iazko irabaziak 2010an baino %62 txikiagoak izan dira. Vitalek onartu du 52,7 milioi euro bideratu dituela probisioetara. Berankortasun tasa egonkorra du, %4,8koa. Erakundeak gizarte ekintzan 16,7 milioi euro inbertitu ditu.
Kutxaren emaitza 2010ean lortutakoa baino %85,5 apalagoa da. Berankortasun tasak gora egin du apur bat baina bataz bestekoaren azpitik gelditu da, %4,04. Gizarte ekintzetara 79,5 milioi bideratu zituela jakinarazi du enpresak.
Bakarkako azkeneko emaitzak
Emaitza hauek dira BBK, Kutxa eta Vital Kutxak Kutxabank sortu aurreko azkenak. Hiru kutxek bat egin eta gero, hilabete daramate bat eginda lanean.
Kutxek orain arte bezala jarraitu dute lanean. Erakunde berriak 75.000 milioi euro ditu aktiboetan, 2,5 milioi bezero, 8.126 langile eta 1.349 bulego. Mario Fernandez da presidentea eta Ignacio Sanchez Asiain zuzendari nagusia.