El Diario Vasco eta El Correo egunkariek gaur diote BBK-k (Bizkaia) eta Kutxak (Gipuzkoa) akordioa lortu dutela biek bat egiteko, baina BBK-k adierazi du "gaur-gaurkoz" ez dagoela akordiorik. Hala ere, prest leudeke Bizkaiko aurrezki kutxako arduradunak bat egiteko Kutxarekin, baita Vital Kutxarekin (Araba) ere; hala aitortu dute. "Teknikoki bat egitea erraza da", dio BBK-k. Batzarreko bi herenek azaldu behar dute alde.
PSE-EE balizko bat-egitearen kontra azaldu da. Gipuzkoako Iñaki Arriola PSE-EEko idazkari nagusiak esan du bere alderdiak ez duela babestuko BBK eta Kutxaren arteko egitasmoa, "fusioa baino gehiago, operazioa xurgatzea izango litzatekeelako, eta Gipuzkoarentzat herrialdearen gizarte eta ekonomi garapenean funtsezkoa den tresna baten galera izango litzateke".
PPk ikuspuntu bera du. "Bat-egite horren atzean BBKren aldetik egingo litzatekeen xurgatzea dago", esan du Maria Jose Usandizaga Gipuzkoako PPko presidenteak. "Kutxak ezin du halako operaziorik onartu eta ezin du Gipuzkoako izaera galdu".
Eusko Jaurlaritzak, aldiz, agertu du BBKren eta Kutxaren batzea babestuko lukeela. EBk ere alde dagoela esan du, "interes sozialak betetzen badira", eta Vital Kutxa ere hor sartzeko eskatu du. Aralarrek ere aldeko jarrera erakutsi du, eta Arabakoak eta Nafarroakoak ere bat egin beharko luketela esan du.
ELAk oraindik ez du erabaki zer egingo lukeen; "lehentasunezko helburua enpleguaren eta lan baldintzen defentsa litzateke", esan du ELAk. CCOO alde dago, "betiere enplegua, gizartekintza eta aniztasuna bermatzen badira". Gipuzkoako Merkataritza Ganbara balizko fusioarekin ados dago.
Egunkari haien arabera, Xabier Iturbe Kutxako presidenteak atzo aurkeztu zuen euren administrazio kontseiluan BBKrekin batzeko egitasmoa, eta kontseilariek onartu egin zuten. Vital Kutxak bertan sartzeko aukera izango luke orain edo aurrerantzean. Kutxak ez du ezer esan nahi izan informazio horretaz.
2005ean hiru aurrezki kutxen bat-egitea "teknikoki egina" zegoela azpimarratu du BBK-k, baina azkenean "hautsi" egin zela, EAJ eta PSE-EE ez zirelako ados jarri. Bi alderdion babesa erabakigarria zen Arabako kasuan batzarra alde azaltzeko.
Ekonomia
BBKren eta Kutxaren balizko bat-egitearen aurka azaldu dira PSE-EE eta PP
"Gipuzkoak funtsezko tresna galduko luke. BBK-k xurgatu egingo luke Kutxa", esan du Iñaki Arriola sozialistak. Bizkaiko aurrezki kutxak adierazi du "gaurkoz" ez duela akordiorik Gipuzkoakoarekin, zenbait egunkarik batu egingo direla esan duten arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu