Atzo hasi eta gaur amaitu da Eroskiren eta BBVAren ekarpenen auziari buruzko epaiketa, Bilboko Justizia Jauregian. Fiskalak gaurko saioan egin ditu zigor eskaerak, eta bankuaren kontra jo du; uste du hark jokatu zuela gardentasunik gabe, eta 2004-2007 artean saldutako ekarpenen salmentagatik eskuratutako dirua erosleei itzul diezaiela eskatu du.
Fiskalaren arabera, bankuak egindako kontratuak ez ziren egin modu "argi eta ulergarrian". Astelehenean ezagutaraziko dute epaia.
Eroskik, berriz, legearen arabera jardun zuela eta publizitate engainagarririk ez zuela egin uste du fiskalak, eta, beraz, kooperatiba zigorrik gabe uzteko eskatu dio Marcos Bermudez epaileari.
30.000 erosle izan zituzten Eroskiren ekarpenek, 2002tik 2007ra. Merkatuaren egiak kontuan hartuta interes onak jaso dituzte urte hauetan haien jabeek, %8 artekoak ere bai euriborra goian zenean. 200 milioi eurotik gora banatu ditu Eroskik jada interesetan. Arazoa da ekarpenen jabeek ezin dituztela haiek utzi, betierekoak direlako. Ez teorian, baina bai praktikan, ekarpenak saldu nahi izanez gero aurrena eroslea topatu behar dutelako eta erosi zuteneko %40 inguruko balioa dutelako orain.