Bankuak

BBVAk 1.210 milioiren irabaziak izan ditu

Erakundeak ahalegin txikiagoa egin behar izan du etorkizuneko kontingentziei aurre egiteko. Kaleratzeak eta bulegoen itxierak jasotzen dituen plan bat abiatu du.

BBVAk Madrilen duen egoitza. EMILIOI NARANJO
jokin sagarzazu
2021eko apirilaren 30a
11:17
Entzun

BBVAk atzean utzi du COVID-19aren krisia, eta pandemiaren aurreko irabazien mailara itzuli da. 2021eko urtarriletik martxora 1.210 milioi euroren irabaziak izan dituela jakinarazi du, kaleratze handiak iragarri eta astebetera.

Aurtengo emaitzek zerikusirik ez dute iazkoekin. 2020ko lehen hiruhilekoan 1.792 milioi euroren galerak izan zituen. Dena den, datu horiek testuinguru jakin batean ulertu behar dira. Duela urtebete, pandemia piztu zenean, bankuak hornidura handiak egitea erabaki zuen, besteak beste, etor zitekeen berankortasunari eta kaudimengabeziari aurre egiteko. Horrela, lehen hiruhilekoan BBVAk 2.464 milioi euro bideratu zituen etorkizuneko kontingentzia horiek estaltzera, eta horrek eragin zituen, hein handi batean, galerak. Aurten, epe bererako, erakundeak erdia baino gutxiago jarri du helburu horretarako: 1.074 milioi euro.

Horrekin batera, BBVA bere egitura sakon doitzen hasi da. Hiruhileko datuek erakusten dute langileen kopurua –122.021 mundu osoan– % 3,2 jaitsi duela azken urtean, eta bulegoen %5,7 itxi duela. Bide horretan jarraitu nahi du Bizkaian sortutako bankuak. Espainiako zuzendaritzak beste 3.800 kaleratze iragarri ditu, lantaldearen %16,3 hain zuzen ere. Hego Euskal Herrian 114 izango lirateke: 66 Bizkaian, hogei Nafarroan, hamasei Gipuzkoan eta hamabi Araban. Kaleratzeez gain, bulegoen %21,3 itxi nahi ditu. Horietatik 41 izango dira BBVAk «iparraldea» deitzen duen eremuan; hau da, Hego Euskal Herrian, Aragoin, Errioxan eta Kantabrian. Beste banku batzuek ere antzeko neurriak iragarri dituzte.

Bezero gehiago, interes gutxiago

BBVAk ziurtatu du ezinbestekoa duela kostuak gutxitzea, eta lau arrazoi eman ditu horretarako: interes tasak oso txikiak direla eta horrek errentagarritasuna gutxitzen duela, gero eta bezero gehiagok Internet erabiltzen dutela eragiketetarako, lehia handia dagoela sektorean, eta enpresa teknologikoak ere lehian sartu direla.

Ostiral honetan zabaldutako datuetan ikus daiteke bankuak kudeatzen dituen bezeroen baliabideak %5 handitu direla, baita bezeroen kopurua ere: %1,9 gehiago; 79,8 milioi bezero guztira. Interesen marjina, berriz, %14,2 apaldu da, baina komisioak %0,8 igo dira.

Interneten erabilerari dagokionez, azken urtean bankuak bere kanal digitalen bidez egin ditu bere produktuen salmenten %69. Eta bide horretatik lortutako bezero berrien kopurua %64 hazi da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.