Bernard Madoff Wall Streeteko eragile nagusietako batek egindako iruzurra geratu da agerian AEBetan asteburuan, eta orduek aurrera egin ahala Europako bankuetan izan duen eragina ari da argitzen.
BBVAk, esaterako, gaur goizean jakinarazi du Madoff Investments Securities inbertsio elkartearen funtsek ez dutela baliorik baieztatzen bada 300 milioi euroko galerak izango dituela. BBVAk argitu du ez duela inbertsio zuzenik Madoffeko aktiboetan, baina bermeak jarri izanaren ondorioz izango lituzkeela galerak. Halaber, onartu du inbertsio elkarte horren 30 milioi euroko produktuak kudeatzen dituela nazioarteko bezeroen sarean.
Santander bankuak, berriz, bere bezeroen 2.330 milio euro jarri ditu Madoffen produktuetan. Iruzurraren ondorioz galera handiak izan ditzake banku horrek, eta gaur goizean burtsako inbertsiogileen zigorra ari dira jasotzen.
Frantzian BNP Paribas da orain arte kalteak izan ditzakeela onartu duen bankuetako bat. 350 milioi euro gal ditzake BNP Paribasek.
Suitzan, berriz, hainbat dira Madoffen iruzurrak harrapatutako bankuak: Benedict Hentsch, Reichmuth & Co, Union Bancaire Privée, besteak bese.
Bernard Madoffek 70 urte ditu, eta Wall Streeteko inbertsore ezagunenetakoa da. Nasdaqeko presidente izan zen 90eko hamarkadaren hasieran. Asteburuan plazaratu denez, piramide egiturako iruzurra zeukan antolatuta, eta inbertsore zaharrenak berrienen diruarekin saritzen zituen. Bankuen eta dirutza handiko jendearen funtsak kudeatzen zituen, eta, ondorioz, haiei eragin die iruzurrak.
Ekonomia
BBVAk 300 milioi euro gal ditzake Madoff iruzurraren ondorioz
Europako gero eta banku gehiago ari da zipriztintzen iruzurra, batik bat, Espainiakoak, Frantziakoak eta Suitzakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu