FINANTZAK

BBVAk amore eman behar izan du BNL eskuratzeko lehian

Unipolen eskaintzak aurrera eginez gero, bankuak aseguru etxeari salduko dizkio bere akzioak, eta520 milioi euroko gainbalioa lortuko du

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Badirudi atzerritarrek jai dutela Italiako finantza merkatuan. BNL kontrolpean izateko ahaleginetan jardun da BBVA, baina kale egin du azkenik. Kapital sozialaren %0,848 baino ez da atxiki berak egindako Eskuratze Eskaintza Publikora, eta Unipol aseguru etxeak aurreratu du irailean akzioen %73 inguru eskura izango dituela. Harresi sendoa egin eta BBVAk aginte-makila hartu ez dezan helburua bete du kontraitunak.

BBVAk akzioen erdia baino gehiago nahi zituen. Ez du inola ere ez xedea bete, eta aurreratu du ez dituela bere EEParekin bat egin duten balioak erosiko. Are gehiago, Unipolek EEPa aurkeztuko du irailean, eta agintariek onartzen badute, bere akzioak aseguru etxeari salduko dizkiola baieztatu du. Akzio kopuru osoaren %14,75 ditu BBVAk, eta Unipolek akzioko 2,7 euroko eskaintzari eusten badio, 520 milioi euroko saria lortuko du gainbaliotan.Unipolen asmoek aurrera egingo duten ikusteko dago, ordea. Bere jarrera gogor kritikatu du Francisco Gonzalezen bankuak, eta BBVA «gardentasun osoz» jardun dela aldarrikatu du. Hain justu, ohartarazi du eskaintza egiteko dagozkion baimenak lortzeke dituela Unipolek, eta legeak exijitutako finantza bermeak aurkeztu beharko dituela. Hortaz, EEP hori ezin egingo da agian.BBVAk horrelakorik nahi ez duela jakinarazi du Italiako La Repubblica egunkariak. Erromako periodikoaren arabera, «Unipolen eskaintzak aurrera egitea, eta 500 milioi eurotik gorako gainbalioa lortzea da BBVAren abantaila bakarra», baldin eta gertatu bezala bere eskaintzak kale egiten badu.Soilik Diego Della Valle Tod's zapaten eta Fiorentina futbol taldearen jabeak eta Generali aseguru taldeak babestu zuten hasieran BBVAren eskaintza. Akzioen %4,99 kontrolpean ditu batak, %8,72 besteak. Gauzak aldatu dira, ordea, eta Generalik BBVAren EEPa onartzea errefusatu du azkenik eskaintza onena onartuko duela iragarri zuen.

Fazio, «sorgina»

Italiako La Stampa egunkariaren arabera, Della Vallek ere bizkarra eman dio ziurrenik BBVAri, baina asteon «sorgina» izatea eta «Italiako izen ona kaskartzea» egotzi zizkion Della Vellak Antonio Fazio Italiako Banku Zentraleko gobernadoreari, BBVAren eskaintzak aurrera egitea oztopatu duelakoan. Ausbanc Espainiako banku erabiltzaileen elkarteak aurreratu du Bruselan Fazioren jokabidea salatzea aztertuko duela.

Unipolek asteon jakinarazi du %46,95ko babesa lortu duela jada. Balioko 2,7 euro eskaini ditu, eta agintariek bere eskaintza onartzen badute, 8.370 milioi eurotan erosiko du BNL. 2.600 milioi euroko kapital emendatzea eta 1.500 milioi euroko lagapena egingo ditu erosketa finantzatzeko.Balio merkatuak BBVAren erabakia apal saritu egin zuten atzo eta %0,29 irabazi zuen. BNLk, ostera, %0,22 galdu zuen.Gauzak horrela, BBVAk agur esan behar izan dio, oraingoz bederen, Euroguneko hirugarren finantza erakundea bihurtzearen ametsari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.