BBVAk eta Banca Civicak inbertsio ugari egin zuten iaz industria militarrean, Paz Delas Bartzelonako Ikerketa Institutuak atzo aurkeztutako txostenean dakarrenez —La banca armada: Inversiones explosivas de los bancos y cajas. Ránquing de la banca armada en españa—.
Txostenaren arabera, BBVAk 1.824 milioi euro inbertitu zituen sektore horretan, eta armen industriarako diru gehien eman duten Espainiako Estatuko bankuen zerrendaren buruan dago. Banca Civica bosgarren postuan dago. Kutxabank bederatzigarren postuan da, 9,3 milioi euroko inbertsioarekin.
Banca Civicak armen industriarekin lotutako enpresetan parte hartu eta dirua bideratzeko duen egituraren konplexutasuna bereziki azpimarratu du Paz Delas institutuak. Honek arabera, guztira 34.257.540 euro inbertitu ditu Banca Civicak armamendu enpresetan. Eta bizkarrezurra Tecnobit enpresa da —Nafarroako Kutxak akzioen herena du—. Akzioen balioa merkatuan 20 milioi eurokoa da. Tecnobiten ekoizpenaren %85ak helburu militarra du.
Halaber, Nafarroako Kutxaren eta Israelen arteko lotura nabarmendu du —Banca Civica barruan dago Nafarroako aurrezki kutxa—.
Jordi Calvo ikerketa zentruko kideak adierazi du bankuek armen industrian duten esku hartzea "konplexua eta askotarikoa" dela. Calvoren esanetan, banku batek akzioak izan ditzake armamendu enpresa batean edo enpresa horiek finantzatzen ditu, baina azaldu du badirela "formula sotil eta ilunagoak".
Kutxabank eta CAF
CAF Beasaingo (Gipuzkoa) tren enpresaren ekoizpenaren %5ak helburu militarra du, txostenak dioenez. Gudu orgen korazak egiten ditu,.
Kutxak, CAFeko akzioen %27,52 ditu, BBK-k %5,81 eta Vital Kutxak %1,65, eta akzio horiek 9,3 milioi euroko balioa dutela kalkulatzen da. Ondorioz, Paz Delasen arabera, hiru kutxek osatutako Kutxabank zerrendako bederatzigarren postuan dago.