EKARPENAK

BBVAk onartu du Eroskiren ekarpenak ez direla "onak" arrisku handia nahi ez duenarentzat

Gaur ekin diote Eroskiren eta BBVAren aurkako epaiketari. 71 auzi-jartzaileetatik hiruk akordioa lortu dute kooperatibarekin, eta epaiketa utzi dute. 

Protesta Gasteizen, 2013ko apirilean. JUANAN RUIZ, ARP
Berria.info
2014ko urtarrilaren 21a
16:33
Entzun

Bilboko merkataritza arloko lehen epaitegiak gaur-biharretan egingo du Eroskiren eta BBVAren aurkako epaiketa, ekarpenen harira.

Joan den asteazkenean egin zuten epaiketa aurreko entzunaldia. Orain hilabete batzuk zen egitekoa, baina epaileak atzeratzea erabaki zuen, ekarpenen erosleek nahiz finantza erakundeek irtenbide bat negozia zezaten. Joan den astean azaldu zuen Eroskik bere banku hartzekodunekin eta Kontsumobiderekin negoziatutako proposamena: haren arabera, ekarpenen erosleek jarritako diruaren %30 barkatu beharko diote Eroskiri, %15 esku dirutan jasoko dute eta gainontzeko %55 kooperatibak jaulkiko lukeen zor bonoetan, hamabi urteren buruan itzuli beharrekoak Euribor gehi %3ko interesarekin.

Proposamen hori onartzen hasi dira dagoeneko ekarpenen erosleetako batzuk. Haietako hiru Bilboko epaiketa ekarri duen auzian parte hartzen ari ziren, baina salaketa kendu dute. Honez gero, epaiketak 68 auzi-jartzailerekin jarraituko du. Adicae kontsumitzaileen elkarteak ordezkatzen ditu. Talde horrek begi txarrez hartu du Eroskiren eskaintza, antzeko produktuak (lehentasunezko parte-hartzeak) jaulki zituzten bankuena baino okerragoa delakoan. Hortaz, salaketari eusten diote. "Kontratuak baliogabetzeko eskatzen dugu, eta aurrezkiak itzultzeko", adierazi dute. 

BBVAren Balioen arduradun Jorge Olabarrietak onartu du epailearen aurrean Eroskiren ekarpenak ez liratekeela "onak" izan behar arrisku handia nahi ez duenarentzat. Produktu "erakargarria" da, ordea, "arriskuak daudela jakinda", eta bezeroaren "soslaiaren arabera". Eroskiren ordezkari Josu Mugarrak, berriz, esan du kooperatibak legearekin bete zuela; alegia, jaulikipenak CNMV merkatu arautzailearen oniritziarekin egin zela.

BBVAk nahi zuen auzi-jartzaile guztiek parte hartzea epaiketan, baina epaileak ukatu egin dio eskaera. Adierazi du aski dela bostek lekukotasuna emanda. Epaiketan parte hartuko dute BBVA eta Eroskiko ordezkari legalek, zuzendariek eta kudeatzaileek ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.