Sacyrri egotzi zioten PSOEri men egitea eta enpresa pribatuetako zuzendaritzako ordezkarien aldaketa bideratzea. Alfonso Cortina Repsoleko presidenteak kargua utzi izana ekarri zuten gogora. Konpainiak salaketak gaitzetsi eta arrazoi politikorik duenik gezurtatu zuen. Halaber, azpimarratu zuen euren xedea ez dela Francisco Gonzalez BBVAko egungo presidentea kargutik kentzea, «gauzak nabarmen hobetu» daitezkeela baieztatu zuten arren.Europa Press informazio agentziaren arabera, ordea, jakina da azken helburua dela «ospe ezaguneko beste bankari bat» karguan jartzea. BBVAk ez du begi onez ikusi eraikuntzako enpresaren jarrera eta aurreratu duenez, «Sacyrrek akzioen %3,1 eskuratzea lortzen badu ere ez da batzordean sartuko».
Akziodun nagusia
Sacyrrek salaketa guztiak ukatu eta finantza erakundeak erreferentziako akziodun bat behar duela azpimarratu zuen, «indarra eta egonkortasuna ekarriko duena, erabakiak askatasunez hartzeko».
1.250 milioi euroren trukean eskuratuko ditu Sacyrrek BBVAren akzioen %3,1. Zenbait iturrik baieztatu dute jada hitzartu dituela. Hori dela eta, 1.100 milioi euroko kapital zabalkuntza %38koa egingo duela iragarri zuen eraikuntzako enpresak. Sacyrren kapitalari gehitu behar zaio zenbait enpresaburuk, akziodun ohiek eta BBVAko zuzendaritzako ordezkari ohiek bildu duten %2 eta %3 bitarteko partaidetza. Izan ere, Luis Fernando del Rivero Sacyrreko presidenteak jada akzioen %8 eskura dituela jakinarazi zion joan den astean BBVAri. Eraikuntzako konpainia ez da, beraz, bakarrik jardungo. Bankuko batzordean bost eserleku gordetzeko eskatu du bederen.Jose Ignacio Goirigolzarri BBVAko kontseilariak erantzun zion ezer egin aurretik aipatutako partaidetza frogatu beharko duela. Batzordean 15 kontseilari direla eta guztien partaidetza osoa %1,12koa dela aintzat hartuz gero, akziodun nagusia izatera igaroko da Sacyr. Egun, Telefonicak du partaidetzarik handiena eta akzioen %1,1 ditu eskura.
Europako lehena
BBVAko kapitalean sartzeko asmotan dela jakinarazteko, Sacyrrek bidalitako oharra eskuartean du jada Espainiako Bankuak. «BBVAn partaidetza bat eskuratzeko aukera aztertzen ari» dela dioen mezua igorri zion Bankuari. Espainiako Bankuak hiru hilabeteko epea du egingarria den edo ez ebazteko.
Adituek ohartarazi zutenez,BBVAren kudeaketa norantza aldatzea ekarriko du akziodun berrien izaerak. «Taldeak industriako bokazioa berreskuratuko du eta, era horretan, bateragarriagoa izango da Sacyrren jarduerarekin». Sacyrreko iturrien arabera, BBVA Europako finantza sektoreko liderra bihurtzea dute xede. Egun, Erresuma Batuko HSBC da Europako burtsa kapitalizazio handieneko enpresa, 142.000 milioi eurorekin. Royal Bank of Scotland (72.000 milioi euro), SCH (56.000 milioi euro) eta BNP (46.000 milioi euro) doaz BBVAren aurretik (42.000 milioi euro).Deutsche Bankeko adituek ohartarazi zutenez, «ezusteko mugimendua» egin du Sacyrrek. Kapital zabalkuntza egitea kaltegarria izan daitekeela ohartarazi zuen. Halaber, ezbaian jarri zuen BBVAko presidentea aldatuko denik.
-
ERREAKZIOAK
Salaketak eta zuhurtzia,aurrez aurre
Eusko Jaurlaritza eta EAJ zuhur agertu ziren atzo, BBVA kudeatzeko Sacyrren asmoen berri galdetu zietenean. Adicae eta Ausbanc Espainiako Bankuetako Erabiltzaileen Elkarteek, aitzitik, gogor gaitzetsi zituzten eraikuntzako enpresaren asmoak. Akziodun txikiak eta «SCHren espekulazioa» ekarri zituzten gogora.
Pedro Azpiazu EAJko ahaldunak Sacyrren asmoen inguruan iritzia ematea ez dela zilegi ohartarazi zuen. Sacyrren erabakiak soilik enpresari berari dagozkiola azpimarratu zuen.Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ere ez zuen Jaurlaritzaren iritziaren berri eman, «enpresa pribatu bati dagozkion eragiketak direlako». Gaineratu zuenez, prentsaren bidez izan dute Sacyrren asmoen berri. «Ez dakigu ezer eta ez dugu zertan ezer jakin behar».Adicaek gogor gaitzetsi zuen Sacyrren portaera eta «ekintza iluna» bideratzea egotzi zion. Hala ere, zuzendaritzako ordezkariak kargutik kentzeko aldarrikatu zuen, «behar den indar barik kudeatzen dutelako erakundea». SCHren aurka egin zuen, «Santanderrek antolatutako espekulazio eragiketa» izan zitekeela salatuta.Ausbancek, berriz, Erosketa Eskaintza Publikoa egiteko exijitu zion Sacyrri.Ohartarazi zuenez, «ez da komenigarria Sacyr BBVAko akziodun nagusia izatea, finantza beharrak dituenean BBVAri dirua exijitu ahalko diolako».