Ekonomia

BBVAren arabera, 2019an %8,8ra jaitsiko da langabezia tasa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

‘Zertan den Euskadi’ txostena aurkeztu du BBVAk; horren arabera, ekonomia %3,1 haziko da aurten, eta %2,8 datorren urtean. 2018-2019 artean 30.000 lanpostu berri sortuko dira.

jarraia152351.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko maiatzaren 22a
14:07
Entzun

Euskal ekonomiaren aurreikuspen “positiboa” egin du BBVAk. ‘Zertan den Euskadi’ txostena aurkeztu du gaur goizean Rafael Domenech analisi makroekonomikoen arduradunak, eta balorazio positibo hori egiteko modukoak izan dira datuak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGa %3,1 haziko da aurten, eta 2019an ildo beretik jarraituko du: %2,8 haziko da. Enplegua sortzea ekarriko du horrek: bi urteen artean, 30.000 lanpostu sortuko dira, eta langabezia tasa %8,8ra jaitsiko da 2019. urterako. “Euskadik krisi aurreko BPG mailak gaindituko ditu, baina oraindik ere egiturazko arazoa da bertako ekonomia: langabezia tasa, lehiakortasuna eta hezkuntzako hobekuntzak”.

Hain zuzen, azken puntu horretan sakondu nahi izan du Domenechek, euskal enpresek dituzten beharretarako eskaintza egokitu egin behar dela. “Demografikoki, bestalde, gizartea zahartzen ari da, eta talentua erakartzeko gaitasuna areagotu beharra daukagu”. Horregatik, etorkinak erakartzeko beharra nabarmendu nahi izan du. Horrek langabezia tasa txikitzea ekarriko duela uste du, 2019an %9tik behera jaitsiko bada ere krisi aurreko %5,5eko mailara iristeko oraindik lan egin behar dela uste baitu.

Egungo politika ekonomikoak bere horretan jarraituko dutela aurreikusita egin ditu BBVAk aurreikuspen ekonomiko horiek. Egun hauetan, Espainiako aurrekontuak eztabaidatzen ari dira Madrilen, eta horiek onartu ala ez, aurreikuspenak antzekoak izango direla uste du Domenechek. Kataluniako egoera politikoak euskal ekonomian “eragin txikia” izan duela ere azpimarratu du, “ezegonkortasun ekonomikorik ez delako sumatu”. Asko jota, aurreikuspenetan bi dezimako aldea egon daitekeela dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.