Iaz Espainiak BPGaren %8,5eko defizit publikoa izan zuen, eta 2013rako %3ra jaistea aurreikusten du Mariano Raxoiren gobernuak. Jaitsiera «latz» horrek, murrizketaren bideak berriz hartzeko «justifikazioa» emango die agintariei, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak adierazi duenez. Langileei geldirik ez geratzeko eskatu zien, «ezin baitute beste aldera begira geratu, erantzun behar dute».
Defizit eta zor publikoak aitzakiak baino ez dira Muñozentzat, «defizit eta zor publikoak kapitalari interesatzen zaizkion politikak egiteko erabiltzen ari dira». Bide horrek ondorio zuzen bat izango duela uste du: langabezia gehiago, pobrezia handiagoa, gizarte laguntza gutxiago eta diru gutxiago biltzea. Horrek guztiak «kolapso ekonomiko» bat eragingo duela adierazi du Muñozek, eta egoera horren aurrean martxoaren 29ko greba orokorrerako deia luzatu nahi izan du.
Egoera ekonomiko horren aurrean, gobernuek eskubideak bermatu beharko lituzkete, baina bide hori hartu beharrean, «eskubideak ukatzen» ari direla salatu du Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak. Patronalak egiten dituen eskakizunei «balio politikoa» ematen die, eta horregatik, egungo krisiak eragin ekonomikoak baino, arrazoi politikoak dituela adierazi du: «Sekula bizitako arazo politikoena da». Etxaideren esanetan, krisia eredu soziala aldatzeko baliatzen ari dira, «eskubideak ziur gabe diren gizartea lortzeko eta aberastasuna banatzeari utziko dion eredua inposatzeko». Eta aukera horiek hartzen direnean, «hautu politiko bat dago atzean, kapitalaren eta patronalaren proiektua».
Espainiako Gobernuak orain arte hartutako neurriekin, gainera, «langileak egiten ditu egoeraren arduradun», Etxaideren esanetan. Uste baitu soldatak jaitsiko direla, enplegu egonkorra desagertuko dela eta baldintzak okertuko direla esanda, «langabezia gaur merkatuan dauden langile horien ardura dela esaten ari baitira». Egungo langabezia datuak, gainera, hazi egingo direla aurreikusi du LABeko idazkari nagusiak, «eta bien bitartean erreformak langabetu horiek zigortzen jarraituko du».
Politika horiek ekarriko lituzketen ondorioak latzagoak izan ez daitezen, Espainiako Gobernuak dekretu bidez onartutako lan erreforma erretiratzeko eskatu dute ELA, LAB, ESK, EILAS, CGT, EHNE eta Hiru sindikatuek, eta Hego Euskal Herriko 30 gizarte eragilek, Bilbon. Horretarako, martxoaren 29ko greba jendetsua eta zabala izatea beharrezkoa dela azpimarratu dute. «Ez gara izango murrizketen laguntzaile. Ez dugu bake sozialik emango. Ez gara bakerik ematen ari», adierazi dute.
«Lehengo lepotik burua»
Mobilizazioaren deitzaileek salatu dutenez, lan erreformak kaleratzea erraztu eta merkatu egingo du; negoziazio eskubidea ahuldu; malgutasun laborala enpresen gustura gehitu; eta kontratuak are prekarioagoak bihurtu. Baina erreforma honek «lehengo lepotik burua dauka». Izan ere, aurretik egindako erreformek oraingoari bidea zabaldu besterik ez diela egin adierazi dute. Ildo horretan, UGT eta CCOO sindikatuekpatronalarekin «eskubideak txikituta uzterainoko» neurriak adostu dituztela oroitarazi dute. Adibide bezala urtarrilean CEOErekin lortutako akordioa jarri dute, non langileen erosteko ahalmena galtzea eta laneko malgutasuna areagotzea onartu zuten.
Neurri horiek, elkarrizketa sozialaren bitartez adosten dira. Baina orain arte hartutako erabakiak ikusita, egungo mahaia «zirko» bat dela salatu du Muñozek. Horregatik eurek bertan parte ez dutela hartuko berretsi du, eta alternatibak negoziazio mahaitik urrun daudela gogorarazi du.
Era horretan, grebara deitu duten sindikatuek eta gizarte eragileek zerga politika bidezkoa eta progresiboa proposatu dute egungoaren aurrean, «aberastasun banaketa bidezkoa bermatuko duena».
Parte hartzaile gehiago
Azken egunetan asko hitz egin daCCOOk eta UGTk Espainian deituko duten greba orokorraren egunari buruz. Sindikatu abertzaleek bezala, martxoaren 29a aukeratuko dutela zabaldu da, baina erabakia ostiral honetan hartuko dute, sindikatu bakoitzak egingo duen batzar konfederalean.Edozein modutan, Jose Maria Molinero NafarroakoCCOOko idazkari nagusiak esan duenez, greba orokorra martxoaren 29rako deituko dute, «argi eta garbi, baina ostiralera arte itxaron beharko da». Azken asteetan PPren gobernuak ezarritako erreforma aldatzeko mobilizazioak egiten ari dira CCOO eta UGT sindikatuak, «egoeraren aurrean kalera irten behar baita», Molineroren hitzetan.
CNT sindikatu anarkistak bere aldetik, martxoaren 29rako greba orokorrerako deia egin du. Sindikatu abertzaleek aukeratutako egun beraren aldeko hautua egin du, «era honetako mobilizazioetan batasunaren aldeko apustua egiten baitugu». Baina CNTk bere deialdi propioa egin du, prentsaren bidez jakin baitzuen greba orokorrerako deiaren berri. «Ondoren deialdiarekin bat egiteko gonbitea luzatu zitzaigun, ez dagoen bateratasun eta pluraltasun irudia emateko asmoarekin», CNTren arabera.
Begira ez geratzeko eta erantzuteko eskatu die Muñozek langileei
Lan erreforma erretira dezaten, martxoaren 29ko greba orokorrak jendetsua izan behar duela adierazi dute deitzaileekLan erreformaren atzean «erabaki politiko» bat dagoela salatu du Etxaidek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu