Lan istripua

Behargin bat hil da aldamio batetik erorita

Barakaldon gertatu da lan istripua, Gaudi kalean. Bosgarren solairuan ari zen beharrean; erori, eta hil egin da.

Udan Lakuntzan (Nafarroa) lan istripuen kontra eginiko elkarretaratze bat. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
xabier martin
2016ko urtarrilaren 11
07:49
Entzun

Balmasedako behargin bat hil da gaur goizean Barakaldon, Gaudi kalean jarritako aldamio batetik erorita. 10.00etan izan da istripua; argitzeko dago zergatik erori den langilea. Bosgarren solairuan ari zen beharrean.

Anbulantziak jaso du langilea, eta bizirik zegoela eraman du Gurutzetako ospitalera, baina han bertan zendu da. Autonomoa zen. Barakaldoko alkate Amaia del Campok dolumina adierazi dio familiari.

Ilbeltzak 11 egun besterik ez du egin, baina dagoeneko bi langile hil dira 2016an. Basoko behargin bat hil zen aurreko ostegunean Otxandion, arbola batek harrapatuta. Hala, Bizkaian izan dira urteko lehen bi lan istripu hilgarriak.

2015eko zenbaki beltzak

2015. urteak zenbaki kezkagarriak utzi ditu lan istripu hilgarriei dagokienez. 54 heriotza jaso ditu LAB sindikatuak; 2007tik gaur arte Euskal Herrian gertatutako lan istripu hilgarri guztiak jasota dauzka, haiek nola gertatu diren azalpen labur batekin. Bada, iazko markak eten egin du lan istripuen beheranzko joera, 2014an eta 2013an 35na hildako zenbatu baitzituen LABek. Edonola ere, urrun geratzen dira duela urte batzuetako datuak; 2007an, esaterako, 125 hil izan ziren lanean, eta 2008. urtean, 112.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.