Etxe bat eraikitzen ziharduela, 11:30 inguruan, teilatutik erori eta hil egin da langile bat, Aritzun (Anue, Nafarroa). Iruñeko 34 urteko gizonezkoa zen, eta, haren heriotzaren nondik norakoak argitzeko, ikertzen hasi da Polizia. Gorpua Nafarroa Auzi Medikuntzarako Institutura eraman dute.
Asteazkeneko hau, hain zuzen, uztaila hasi denetik izandako laugarren laneko heriotza da Euskal Herrian. Joan den astean, hiru langile hil ziren, istripuz, beharrean ari zirela: bat Bizkaian eta beste bat Gipuzkoan.
Erantzukizun eske
"Beste aldera begiratzeari utzi" eta neurriak hartzeko eskatu diote sindikatuek Jaurlaritzari. Azken egunetako lan istripuak salatzeko kontzentrazioa egin dute sindikatuek Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean. Bertan izan dira ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiruko ordezkariak.
ELAko idazkari nagusiak, Adolfo Muñozek, ohartarazi du lan istripuen atzean oinarrizko arazo bat dagoela, "Jaurlaritzak eta patronalak lan baldintza prekarioen alde egindako apustua". LABeko buru Garbiñe Aranburuk, berriz, istripu horiek "onartezinak" direla salatu du: "Heriotza horiek saihets zitezkeen. Erantzulea patronala da, langileen kontura dirua lortzea delako bere kezka bakarra".