Teilatua konpontzen ari zen gaur goizean langilea, eta zortzi metroko altueratik erori da. ELA sindikatuak salatu du lan istripu hilgarria, eta azaldu du behargina El Rincon de la Forja de Mena konpainiaka zela, eta azpikontratatuta ari zela lanean Basauriko (Bizkaia) Amebil enpresan.
Oraindik ez dago argi zerk eragin duen istripua, eta sindikatuak eskatu du gertatutakoa aztertzeko ikerketa abia dezatela lehenbailehen, erantzukizunak argitzeko. Dena dela, lan baldintza txarrak ikusten ditu ELAk ezbeharraren atzean: "Behin eta berriz salatu izan dugu azpikontratazioa dela lan istripuen arrazoi nagusietako bat, eta lantegietan bizi duten prekaritatearen oinarrietako bat".
Hain zuzen, ELAk instituzio publikoei beste behin eskatu die prebentzio neurriak lehentasun gisa har ditzatela. "Segurtasun neurrien falta kontrolatzeko eta kontratazio iruzurra borrokatzeko, giza baliabide gehiago jarri behar dira, eta beharrezko material eta formakuntzak ahalbidetu, eta kontrolak eta ikuskaritzak ugaritu".
ELAk doluminak bidali dizkio hildako langilearen familiari, eta iragarri du elkarretaratzea egingo dutela datorren astelehenean, 11:30ean, Basauriko lantegiaren aurrean. Halaber, gogora ekarri du urtea hasi zenetik 47 langile hil direla Euskal Herrian.