Behargin bat hil da Berrizen, trenak harrapatuta, hesirik gabeko pasabide batean

Kamioilari bat larri zauritu da Donostian, eta beste langile bat tobera batetik atera dute Hernanin

Erredakzioa
2010eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Langile bat hil zen atzo Berrizen (Bizkaia), Bilbo-Donostia trenbideko pasagune batean, trenak harrapatuta. Goizeko hamarrak inguruan gertatu zen ezbeharra.53 urteko behargina, A. F. Z., trenbidea zeharkatzeko jarraibideak ematen ari zen inguruko obretarako materialak garraiatzen zituen tamaina handiko kamioi bateko gidariari, Eusko Jaurlaritzako Herri Lan eta Garraio Sailak jakinarazi duenez.

Gizonezkoak lan egiten zuen Euskotrenek azpikontratatutako Madrilgo Cobra enpresarentzat. Istripuaren berri izan ondoren, osasun zerbitzuak bertaratu ziren, baina medikuek langilea hilda zegoela egiaztatu besterik ezin izan zuten egin. Tren zerbitzua ordu erdiz eten egin behar izan zuten.

Durangoko eta Eibarko geltokien arteko trenbidearen atalean zendu zen langilea, Eituako industrialdearen parean eta Bilbo Donostiarekin lotzen duen ibilbidearen 34. kilometroan. Pasabidea, Jaurlaritzak azaldu duenez, A mailakoa da, ibilgailu gutxi pasatzen direlako handik. Horregatik, seinale finkoak ditu eta ez segurtasun hesiak.

Astebetean lanean hildako hirugarren behargina dela salatu du ELAk, eta berriz ere «prekarietatearen ondorioa» dela gogorarazi du sindikatuak. Enpresa txiki zein handietan, guztietan «segurtasun neurrien falta dago, eta administrazioak ez du konponbideak bilatzeko borondaterik». Istripua salatzeko protesta egingo du etzi ELAk, Loiuko Larrondo industrialdean.

LABek eginiko zenbaketaren arabera, hamabi behargin hil dira urte hasieratik Euskal Herrian.

Lan istripuetan zauritutakoak

Beste lan istripu bi izan ziren atzo. Donostian, N-1 errepidetik Gasteizko bidean zihoan kamioilari bat malda batetik erori zen,A-8 autobidearen parean. 49 urteko gizonezkoa zauri larriekin eraman zuten anbulantzian Donostiako Ospitalera. Hernanin, bestetik, Urumeako autobiderako obretan lanean ari zen behargin bat tobera batetik atera behar izan zuten suhiltzaileek. Zauriekin erietxera eraman zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.