Lan istripua

Behargin bat hil da Bilboko portuan, uretara erorita

Fenwick batekin zebilen lanean, itsasontzi bateko garabi bat garbitzen, jasomakina horrekin batera uretara jausi denean.

Bilboko portua, artxiboko irudia. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Irune Lasa.
2018ko urtarrilaren 17a
17:02
Entzun

Bilboko Portuko edukiontzien terminaleko A-1 kaian jazo da ezbeharra, Santurtzin, 09:45 inguruan. Behargina jasomakina batekin ari zen jardunean makina horrekin batera uretara erori denean. Sorosle eta suhiltzaileek jaso dute langilea uretatik, eta berpizten saiatu dira, baina gorpu zen ordurako. 54 urte zituen eta Santurtziarra zen, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Osalanek hartu du jada gertatutakoa ikertzeko ardura.

Montajes Electricos Gerpe enpresako langilea zen hildakoa, Bilboko Portuko azpikontrata batekoa. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, hain justu, enpresa eta sindikatuen ordezkariak gaur ziren bilera egitekoak "behin eta berriz salatutako segurtasun neurrien gabeziez" hitz egiteko. Sindikatuek biharko elkarretaratzea egingo dute heriotza salatzeko, 11:45ean.

Portu Agintaritzak agiria plazaratu du eta azaldu du edukiontzien terminalaren kudeatzailearekin, Noatum Container Terminal Bilbaorekin, "etengabeko kontaktuan" dagoela "istripua nola gertatu den jakin eta haren arrazoiak ezagutzeko". Noatumek lan arriskuak eragozteko prebentzio sistema duela eta hura aldiro berrikusten dela gaineratu du. Portuko Agintaritzak azaldu duenez, "gaurko istripu hilgarria zoritxar bat da guztiontzat eta behartu egiten gaitu segurtasun sistema berrikustera, hura hobetzeko prozedurak areagotzea beharrezkoa den ikusteko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.