Behargin bat hil da Laudion, 15 tonako pieza batek azpian harrapatuta

Langile batzordeak egun osoko lanuztea iragarri du etzirako, eta sindikatuek segurtasun falta salatu dute

ERREDAKZIOA
2008ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Laudioko (Araba) Anuntzibai industriagunean garbitzaile lanetan ari zen 32 urteko behargin bat hil zen atzo, 15 tonako pieza batek zapalduta. 09:30ak zirenean gertatu zen ezbeharra. Gizonezkoa - F.B.P.M.-Construcciones Metalicas Urialde enpresaren pabiloian ari zen lanean, eta bat-batean, galdaragintza pieza handi bat erori zen, eta azpian harrapatu zuen. Urtebete inguru zeraman lanpostu horretan.

Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, Osalanek, oraindik ez du ezbeharraren zergatia argitzerik izan. Langilea garbitzen ari zen eremutik gertu, pieza baten mantentze lanetan ari ziren Applus Norcontrol enpresako teknikariak, baina oraindik ez dakite zergatik askatu zen.

Elkarretaratzeetarako deia

Construcciones Metalicas Urialde enpresako langile batzordeak -UGTko eta LABeko ordezkariek osatutzen dute---24 orduko lanuztera deitu ditu langileak astelehenerako eta, horrez gain, elkarretaratzea iragarri du, lankidearen heriotza salatzeko. Eguerdiko hamabietan egingo dute, etzi, enpresaren pabiloian.

Langile batzordearen deialdiarekin bat egin zuen atzo ELAk eta, era berean, urtea hasi denetikHego Euskal Herrian 87 lagun lanean hil direla gogorarazi zuen. Euskal Herri osoari dagokionez, atzokoarekin 90 dira 2008an lanean hildakoak, LABen zenbaketaren arabera .

ELAk lan baldintza prekarioei, behin-behinekotasunari, trebakuntza faltari, lan erritmoei eta segurtasun ezari leporatu zion lan istripuen errua, baina erantzukizuna, aldiz, enpresaburuena eta Eusko Jaurlaritzarena dela salatu zuen.Gabezia horiek guztiak konpontzeko «inolako asmorik ez» dagoela uste du sindikatuak, eta lan ikuskaritzaren lanari «eskasa» deritzo.

Laudioko istripuaren zergatia, Osalanek besterik esan bitartean, segurtasun neurrien faltan ikusi zuen CCOOk, besteak beste, pieza horietarako geldigailurik ez zegoelako. Horrekin batera, langileek inolako trebakuntzarik ez dutela deitoratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.