Muxikan (Bizkaia) gertatu da ezbeharra, 9:50 aldera. 33 urteko gizon bat teilatu bat konpontzen. Bat-batean, zorabiatu eta hil egin da. Berehala bertaratu dira medikuak eta suhiltzaileak, baina ezin izan dute suspertu. LABek "elkartasuna" adierazi die familiari, lankideei, lagunei eta gertukoei. Aldi berean, jazoera "lehenbailehen argitzeko" eskatu du sindikatuak.
Sindikatuak "gogor" salatu du azken heriotza hau. "Euskal Herrian gutxienez 24 langile hil dira aurten, urtarriletik uztailera bitartean". Gainera, gogorarazi du gaurkoa aste honetan izandako bigarren heriotz istripua dela. Gasteizko industrialdean zendu zen asteartean 27 urteko gizon bat, garabi batetik erorita. Hamabi metrotik behera amildu zen.
"Non daude administrazioko arduradunak heriotza berri hau salatzeko? Zein aldaketa eta zein pausu emateko prest daude egoera eta eredu hau geldiarazteko?", galdetu du LABek. Sindikatuaren arabera, lan istripuak ez dira gertakari arruntak: "Langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat". LABen arabera, "lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira".