Behargin bat hil da Gasteizen. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, garabi baten gainean ari zen lanean, Jundizko industrialdean. 12:30ean gertatu da ezbeharra: garabia irauli, eta hamabi metrotik behera amildu da gizona. Ertzaintzak eta Osalanek ikerketa abiatu dute istripua zer dela-eta gertatu den ikertzeko. 27 urte zituen, eta Universal Plataformas Aereas enpresan egiten zuen lan.
Istripua salatu dute ELA eta CCOO sindikatuek. Lan ezbeharrei aurrea hartzeko legea "irmoki" bete dezatela eskatu diete enpresei. Izan ere, ELAren arabera, "etengabe" urratzen dute arriskuak gutxitzeko araua. Sindikatuak uste du horrelako istripuak enpresarien erantzukizun faltagatik gertatzen dira, "eta ez ezjakintasunik ezagatik". ELAk, gainera, "konplize" izatea leporatu die erakunde publikoei, "prekaritatearen" aurka esku hartzeko borondaterik ez duelakoan. Sindikatuak "beharrezko neurriak" eskatu ditu lan istripuen "arazoarekin" amaitzeko.
Elkarretaratzea, bihar 11:00etan
Ildo beretik, CCOOk erantzukizunak argi ditzala galdegin dio langilea kontratatuta zuen enpresari, eta legea betetzearen "garrantziaz" ohartarazi du: "Araua betetzea bermea da lanpostu osasuntsuak eduki ahal izateko". Sindikatuko ordezkariek elkarretaratzera deitu dute bihar goizerako, lan istripua gaitzesteko. Gasteizko Korreo plazan elkartuko dira, Arabako patronalaren parean, 11:00etan.
LABen arabera, urtarrilaz geroztik 21 pertsona hil dira lanean. Maiatzaren 20an zendu zen azkenekoa, EHUk Leioan duen campuseko teilatutik jausita. Zalaparta eragin zuen ezbeharrak, CCOOk salatu baitzuen beharginak ez zuela lan kontraturik, eta EHUk bazekiela teilatua "gaizki" zegoela. Osalanek, berriz, 30 hildako zenbatu zituen iaz.