Badira bi urte Espainiako Gobernuak abenduko aparteko ordainsaria kentzea erabaki zuela. Orduan, Eusko Jaurlaritzak udako estra aurreratu zien administrazioko langileei, eta geroztik hala egiten du.
Hala, Gabonetako aparteko ordainsaria ordaintzeko agindua ematearekin batera, Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernuak Madrilen murrizketen auzia "lehenbailehen" konpontzeko eskatu dio Konstituzionalari.
Dena den, Gasteizek iragarri du Auzitegi Konstituzionalak erabakia hartu bitartean ordainsaria aurreratzen jarraituko duela. Epaia iritsi bitartean eskura dituen baliabide guztiak erabiltzen segitu asmo duela nabarmendu du, "langile publikoei egindako kaltea gutxitzeko".
Nafarroako Gobernua ere hasia da neurriak hartzen. Hilabete honen hasieran 18.112 langile publikok jasoko dute heldu den abenduko aparteko ordainsariaren aurrerapena, %1,85eko interes tasarekin. Hala erabaki zuen joan den ekainaren 25ean Nafarroako Gobernuak.