Bi behargin hil ziren atzo arratsaldean Nafarroan izandakolan istripu banatan. Errumaniako gazte bat Dantxarinean zendu zen lubaki batean harrapatuta gelditu ondoren. Bestalde, kamioi gidari portugaldar bat hil zen Igantzin zamaketa lanak egiten ari zen eskaileratik erorita. Herenegun, berriz, beste bi langile zendu ziren Bizkaiko Gernika eta Zamudio herrietan.
Dantxarinean, Ioan C.M. 19 urteko gazte errumaniarra hil zen. Construcciones Angel Bengoetxea enpresarentzat egiten zuen lan eta atzokoa zuen lehen lan eguna. Lubaki bat egiten ari zen zuloan harrapatuta gelditu zenean. 15:40an izan zuen istripuaren berri SOS Nafarroak. Mediku bat, ATS bat, anbulantzia bat eta Oronozeko suhiltzaileak joan ziren Dantxarineara baina ezin izan zuten onik atera.
Handik gutxira, beste istripu bat gertatu zen Igantzin. Joao S.N. 59 urteko kamioilari portugaldarra zamaketa lanak egiten ari zen Igantzin, lau metroko altueratik erori zenean. Gizonak buruan kolpe handia hartu zuen eta berehala hil zen. Foruzaingoa eta Guardia Zibila lan istripuen zergatiak ikertzen ari dira. LABek atzo esan zuenez, Zamudioko Mintegi enpresako langile bat eta Gernikako MaxiEroskiko zerbitzari bat hil ziren bihotzekoak jota herenegun.
Aurten jadanik 93 lagun hil dira lanean, gutxienez
Astebeteko epean, bost lagun zendu dira lan istripuan Euskal Herrian. Joan den ostiralean Amurrion bost metroko altueratik erori eta zauriak izan zituen langilea hil zen astelehenean Barakaldoko Gurutzetako Ospitalean. 2005. urtea hasi zenetik, Euskal Herrian gutxienez 93 lagun hil dira lan istripuetan. ELA, LAB, EILAS eta ESK sindikatuek batetik, eta UGT eta CCOO bestetik, Amurrioko istripua salatzeko kontzentrazioak egin zituzten atzo.
Lan istripuok salatu zituen LABek prentsa ohar batean. Lan arriskuak ekiditeko legeak «porrot» egin duela uste du sindikatuak eta lan ezbeharrak lan baldintza kaskarren ondorio direla. UGTk Nafarroan jazotako heriotzak azpikontratazioaren eta behin-behinekotasunaren ondorio direla salatu zuen.
LAN ISTRIPUAK
Beharrean ari zirela lau langile hil dira azken bi egunetan
19 urteko gazte bat lurrazpian harrapatuta hil zen atzo, bere lehen egunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu