Lan istripua

Beharrean hildakoak ikusita "Confebask isilik" gelditzen dela salatu du LABek

Atzo Mungian lanean zendutako behargina azpikontratatuta zegoen. Tecnicas Hidraulicaseko batzordeak 24 orduko grebara deitu du. ELAren arabera, «laneko heriotzak lantegietan prekaritatea  zabaltzea ahalbidetzen duen ereduaren ondorio zuzena da».

Abuztuan Gasteizko Michelinen izandako lan istripu baten aurkako protesta. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRES
xabier martin
2016ko urriaren 13a
07:34
Entzun

LAB sindikatuak salaketa gogorra egin du ohar baten bidez Confebask patronalaren aurka, atzo Tecnicas Hidraulicasek Mungian duen lantegian hildako beharginaren kasua oinarri hartuta. "Patronalak duen ardura" aipatu du LABek, baita "isilik" dagoela salatu ere istripu hilgarri hori ikusita. 42 urteko langile donostiarra azpikontratatu gisa ari zela azaldu du sindikatu abertzaleak, eta azpikontratazioaren politikak ondorio zehatzak ekartzen dituela: "Eskubide falta, prebentzio neurri falta, erritmo azkarrak, presioa, koordinazio eta kontrol neurrien faltarekin batera, gutxi batzuen irabazien mesedetan".

Horiek horrela, LABek "egoera horren erantzuleak" hartu ditu hizpide bere oharrean. "Nazka-nazka eginda gaude, eredu honek ekartzen digun ondorioekin, egoera honen erantzuleen mezu eta hitz lotsagarriekin, irabaziak lehenesten baitira langileen osasunaren eta bizitzaren aurretik".

Halaber, oso larritzat jotzen du  "Confebaskek modu lotsagarrian errepide eta lan istripuak berdintzea, zorigaitzaren ondorio balira bezala". LABen ustez, lan istripuetan "badaude erantzuleak", ikerketek horrela erakusten dutelako. "Ez da zorigaizto edo zorte kontua".

Xafla batek buruan jota hildako behargina lan istripuz hildako urteko 46.ena dela ere zehaztu du LABek, eta haren familiakoei eta lankideei elkartasuna eta samina adierazi die. Sindikatuek Mungiako lan istripuaren aurkako elkarretaratzera deitu dute bihar eguerdirako istripua izandako leku berean.

Greba eta Gipuzkoako Batzar Nagusien adierazpena

Horrez gain, Mungiako enpresako langile batzordeak 24 orduko grebara deitu du urriaren 17rako. ELAren arabera, «laneko heriotzak lantegietan prekarietatea  zabaltzea ahalbidetzen duen ereduaren ondorio zuzena da». Adolfo Muñoz buru duen sindikatuaren ustez, «enpresek orokorrean beste ezeren gainetik irabaziak lehenesten dituzte, langileon osasuna eta bizitza arriskuan jarriz»

Gipuzkoako Batzar Nagusiek, bestalde, samina eta elkartasuna adierazi diote atzo lanean hildako donostiarraren familiari. Lan segurtasun eta osasunari buruzko kanpaina berriak "ezinbestekoak" direla jasotzen du idatziak. Enpresariei eta langileei lan segurtasunari eta osasunari buruzko araudia zorrotz betetzera dei egin die. "Lan istripuen aurkako babes handiena prebetzioa eta trebakuntza dira". Halaber, "lanean egindako segurtasun eta osasun delituen aurka egiteko" eskatu diete erakunde guztiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.