Inkesta

Behera egin du EAEko ekonomialariek susperraldian duten konfiantzak

Sektorearen erdiak espero du "hobekuntza argia" izango dela hurrengo hilabeteetan, orain dela urtebete baino hamabi puntu gutxiago.

Ivan Santamaria.
2016ko urtarrilaren 26a
07:49
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomialariek susperraldiari buruz duten baikortasuna apur bat ilundu da. Ekonomialarien elkargoak egindako inkestaren arabera, %50,5ek uste dute egoerak “hobekuntza argia” izango duela urtearen joanean. Hala uste dutenen kopuruak behera egin du orain dela urtebeteko emaitzekiko. Orduan, %62k espero zuten luze gabe susperraldia indartzea.

Zuhurtziaren atzetik egon daitezkeen hainbat faktore izendatu dituzte egileek. Uste dute posible dela garai politikoari buruzko ziurgabetasuna, Txinan dagoen zurrunbiloa eta Parisko atentatuen ondoren sortutako giroak “eragin franko” izatea.

Sei hilabetean behin azterketa bat kaleratzen du elkargoak, Ekonometro izenekoa. Azken alea osatzeko galderak iazko azaroaren 21etik abenduaren 14ra egin zituzten. 548 ekonomilariek parte-hartu zuten galdeketan, elkargoko hamar bazkidetik bat, gutxi gora behera. Egoera ekonomiko orokorretik aparte, gai zehatzei buruz sektoreak duen iritzia bildu du inkestak. Gaur aurkeztu dituzte emaitzak, Bilbon.

Kontzertua eta kupoa

Ekonomialarien gehiengo oso zabal batek —%86k, hain zuzen ere— uste dute “bidezkoa” dela Kontzertu Ekonomikoan eta kupoan oinarritutako finantzazio sistema. Hamarretik zazpik, berriz, adierazi du estatuaren finantzazioari egiten zaion ekarpen maila “egokia” dela. Puntu horretan ekonomialarien %17,5ek diote diru “gehiegi” ematen zaiola Espainiako Gobernuari, eta %12,6k kontrakoa dio. Hots, ekarpena “gutxiegi” dela.

Oinarrizko errenta unibertsal bat martxan jartzeko aukerari buruzko iritzia ere eskatu zaie. Kasu honetan, hiritar orok izango luke dirua jasotzeko eskubidea. Espainian halako sistema bat sortzearen alde daude ekonomialari gehienak, %58 hain zuzen ere. Zerga iruzurraren aurkako borroka indartzea da formularik gogokoena finantzazio iturri gisa. Aldiz, zerga presioa handitzeko aukeraren aurkako iritzia nagusitu da galdeketan.

Eskandinavian dagoen lan ordutegien gisako sistemak martxan jartzeari buruz, berriz, %77k iritzi dute sektore itunen arabera araututako ordutegi sistema batek produktibitatea hobetzen lagunduko lukeela. Emakumeen artean %84 dira lan ordutegia moldatzearen aldekoak.

Azkenik, zerga iruzurrari aurre egin ahal izateko eskudiruarekin egiten diren ordainketak kentzea zer iruditzen zaien galdetu du Ekonometroak, Danimarkak egin nahi duen urratsa gogoan hartuta. Kasu honetan, inkestari erantzun dioten ekonomialari gehienak (%61,5) kontra daude. Gazteen artean %42k begi onez ikusiko lukete neurria, eta soilik adin gehien dutenen ekonomialarien laurden batek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.