Behiak zukutzen

Iruñean, parodia baten bidez, EHNEk salatu du supermerkatu handiek esnearen prezioan egiten dituzten jaitsierek kalte egiten dietela abeltzainei.

Inigo Astiz
Iruñea
2012ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Gaia serioa da, baina umorea baliatu zuten atzo EHNE sindikatukoek Iruñeko Carrefour saltoki handiaren aurrean. Supermerkatu kate handiek egindako esnearen prezioen jaitsiera nabarmenek abeltzainei kalte egiten dietela salatu zuten. Lehia bidegabea sustatzea eta legez kanpo jokatzea aurpegiratu zieten, eta horrek abeltzainen «heriotza» dakarrela azaldu. Antzerkiaz baliatu ziren egia horiek azaleratzeko, parodiaz. Bost esnegile lurrean etzanda, lur jota daudela irudikatzen, eta haien ondoan trantze horretan jarri dituzte hiru pertsonaiak: banatzailea, industria eta administrazioa. Lagun giroan dabiltza beren artean hizketan, abeltzaina zapaltzeko elkar hartuta. Esnearen prezioa are gehiago jaitsi behar dela dio banatzaileak, eta baietz diote berehala industriak eta administrazioak. Estutuko dituztela gehiago abeltzainak. Banatzaileak hartu du hitza: «Ez dugu nahi gehiago behiak jezterik; zukutu egin beharko dituzte aurrerantzean».

Protestaldiaren pankarta ilustratu zuen parodiak: «Industriak eta banatzaileek lapurtu egiten digute. Administrazioak utzi egiten die». Hogeita hamar bat esnegilek egin zuten bat EHNEren protestarekin. Prezio duinak eskatzen zituzten. Horregatik hautatu zuten saltoki handi baten aurrealdea elkarretaratzea egiteko. Supermerkatu handien «abusua» salatzeko.

Zenbaki bidez eman zuten azalpena. Ekoizpen prezioaren azpitik saldu behar izaten dute esnea esnegileek. Egun, 0,32 euro jasotzen ditu esnegileak litro bakoitzeko, baina abeltzainaren soldata kontuan hartuz 0,439 eurokoa da ekoizpen kostua. Eta, hain zuzen, egoera hori bultzatzen dute supermerkatu handien esne prezioen jaitsierek. Sindikatuaren ustez, gainera, «neurrigabekeria» da produktuaren jatorriko prezioaren eta helmugakoaren arteko aldea, kontsumitzaileek batez beste 0,81 euro ordaintzen baitituzte litro bakoitzeko.

Ekoizpen kostuen gorakada

Muturrekoa da egoera, EHNEren aburuz: «Baliteke Euskal Herria esne sektorerik gabe geratzeko arrisku larrian egotea». Abeltzainen ekoizpen kostuek nabarmen egin dute gora azken urteetan, eta zaildu egin du horrek behi ustiategien egoera. Pentsuaren kasua da sindikatuak jarritako adibidea: 228 eurokoa zen tonaren prezioa 2010ean, eta 320 eurokoa da aurten. Eta datu orokorretan ere izan du oihartzunik horrek; bi urtean, %35ean egin du behera esne behitegien errentagarritasunak.

Europako Nekazaritza Politika Bateratua aldatzeko ere eskatu zuen EHNEk, egungoan jarraituz gero 2015ean desagertuko baitira esne kuotak, eta horrek behien ustiategien «heriotza» eragingo duela uste du sindikatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.