Funtzio Publikoa

Behin-behinekotasunari buruzko akordioa arbuiatu du Jaurlaritzak

Ministroen Kontseiluak lege dekretua onartu du Icetak CCOO, UGT eta CSIFekin sinatutako akordioarekin. Eusko Jaurlaritzaren ustez, bere antolaketa ahalmena mugatzen du.

Olatz Garamendi, gaur, Gobernu Kontseilu osteko prentsaurrekoan. MIKEL ARRAZOLA / IREKIA
Irune Lasa.
2021eko uztailaren 6a
18:36
Entzun

Eusko Jaurlaritzak berriz ere arbuiatu egin du funtzio publikoko behin-behinekotasuna murrizteko atzo Espainiako Gobernuak eta sindikatu nagusiek itxitako akordioa, zeina gaur lege dekretu bihurtu duen Ministroen Kontseiluak. Haren kontra helegiterik aurkez daitekeen azterketa egingo dutela iragarri du Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak, eta berretsi du Jaurlaritzak aurrera jarraitzeko asmoa duela lanpostuen kontsolidaziorako bere bidearekin.

Garamendik ez ditu oraindik ezagutzen akordioaren azken xehetasunak, baina badaki gauzak ez direla asko aldatu joan den astetik. Miquel Iceta Funtzio Publikoko ministroak erkidegoei sektore konferentzian azaldu zien bere proposamena lege dekreturako eta Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuaren erreformarako. Eta orduko hartan, dagoeneko proposamenaren kontra agertu zen Jaurlaritza, «onartezina» zitzaiolako.

Gai arantzatsuena, argi dago, Espainiako Gobernuak ezartzen dituen birjartze tasak dira; ez direla desagertu, Jaurlaritzak eta beste erkidego batzuek kentzeko eskatu arren. Birjartze tasak Espainiako Gobernuak ezartzen ditu administrazio publikoen sektore bakoitzean; haien bidez, eskaintza publikora ateratzen diren plazen kopurua urte horretan erretiroengatik hutsik gelditutako plazen kopurura lotzen da.

Hala, urteren batean sektore askotan, hutsik gelditutako plazen %10 soilik atera zen lan eskaintza publikoetara. 2017. urtetik birjartze tasak %100ekoa edo handiagoak izan dira, baina haiek indarrean, eskaintza publikoetara ateratako plazak beti daude lotuta, eta beraz, Madrildik mugatuta. Tasa horiekin, eta «EAEk behar duenaren errealitatea aintzat hartu gabe» hutsuneak behin-behinean betetzeko hiru urteko mugarekin, Icetaren ministerioak Jaurlaritzaren antolaketa ahalmena mugatzen duela gaitzetsi du Garamendik.

Antzinatasuna

Ministroen Kontseiluan onartutako dekretuak ez du jasotzen lan eskaintza publiko berezirik urteetan funtzio publikoa behin-behinean aritu diren bitarteko langileentzat. Eskaintza orokorretan, hori bai, esperientziak orain arte baino balio handiagoa (%40) izango du oposizioetako konkurtso fasean.

Eusko Jaurlaritzak deialdi berezituak egin nahi zituen zortzi urtetik gorako antzinatasuneko langileentzat, baina Auzitegi Konstituzionalak epai batek aukera hori galarazi zuen Polizia Legean. Legebiltzarrean eztabaidan dagoen Kidego eta Eskalen legeak ere jasotzen du aukera hori, eta horri eusten dio Jaurlaritzak, nahiz eta arriskua hor egon bertan behera gelditzeko.

Hala ere, hori gerta daitekeela kontuan hartu dute gaur Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak onartutako Euskal Enplegu Publikoaren lege proiektuan, eta hor ere ikusten dute aukera bitarteko langileen antzinatasunari balioa emateko, Garamendiren arabera langile horiek jada «frogatu dituztelako merituak eta galdu nahi ez dugun jakintza delako hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.