ELAk eta LABek bertan behera utzi dute hilaren 14rako Gipuzkoako eta Bizkaiko merkataritzan deitutako greba. Bi jaiegunetan ateak zabaltzeari uko egin diote saltoki handiek, eta «garaipena» ospatzen ari dira sindikatuak. Iragarri dute, nolanahi ere, «borroka» ez dela amaitu, enpresaburuek noiznahi irekitzeko asmoari heldu nahiko diotela berriro, eta Nafarroako dendak ere igandetan itxita egotea daukatela erronka orain.
Izan ere, urtero bost jaiegunetan irekita daude merkataritza gune handi asko Nafarroan. Uda ostean mobilizazio kanpaina gogor bati ekingo diote ELAk eta LABek, egungo ordutegien legea aldatzeko eta jaiegunetan denek jai edukitzeko.«Borrokatzeak merezi du», ELAko Zerbitzuak Arloko buru Unai Martinezek atzo azaldu zuenez. «Enpresaburu asegaitzen asmoak ezerezean utzi ditugu denon artean».Langileen, kontsumitzaileen eta saltzaile txikien artean, hain zuzen. Gipuzkoan eta Bizkaian gertatutakoa «eredugarri» da eta Nafarroan «borroka areagotzeko» balioko du.«Garaipen handitzat» dauka merkataritza guneek bi igandetan zabaltzeko akordioan atzera egin izana. Martinezek, gainera, Jaurlaritzaren jarrera kritikatu zuen: «Traizio egin die langileei, sektoreko ugazaben alde jarri da, baina ez du lortu betiko gizarte ohiturak aldatzea». Hemendik aurrera, helburudaukate Jaurlaritzak zortzi jaiegunetan irekitzeko dekretua ezabatzea, LABeko Zerbitzuak Arloko arduradun Olatz Arozenak iragarri zuenez. «Ardurazko» kontsumoaren, sektoreko langileen aisialdirako aukeren, eta merkatari txikien alde egin dute sindikatuek, eta apustu horri eutsiko diote. Azken boladako «borroka latzak» merezi izan duela berretsi zuen Arozenak, eta eskerrak eman zizkien beharginei, kontsumitzaileei eta merkatari txikiei, «hain erantzun irmoa» eman izanagatik.
Kontsumitzaileen elkarteak eta dendariak ere pozik
Merkataritza gune handien interes merkantilistei beste giza balio batzuk gailendu zaizkiela nabarmendu zuen Euskal Kontsumitzaileen Antolaketako (EKA) presidente Koldo Nabaskuesek.Bestalde, Ezkerraldeko saltoki txikien ordezkari Montxu Martinezek Jaurlaritzari eskatu zion igandetan zabaltzeko aukera ukatzeko 400 metro koadrotik beherako dendei.
MERKATARITZA ORDUTEGIAK
«Behin irabazita», greba bertan behera utzi dute ELAk eta LABek
Nafarroako dendak ere igandetan itxita egotea dute erronka orain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu