Bekadunek gizarte segurantzan kotizatuko dute

Iraganean beka batekin egindako lanak ere erretiro pentsioaren eskubiderako erabiltzea posible izango da

Ivan Santamaria.
2011ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Aurrerantzean, enpresek edo erakunde publikoek gizarte segurantzan kotizatu beharko dute ordaindutako beka batekin lanean ari direnengatik. Heldu den azaroaren 1etik hasita, bekadun bakoitzeko 40 euro inguru ordaindu beharko dituzte hilean. Dena den, enpresei egokitzeko aukera emateko, azaroko kuotaren ordainketa 2012ko urtarrilaren 31ra arte atzeratu ahalko dute.

Orain arte bekadunen beharra ezkutuan zegoen, kotizazioei dagokienez behintzat. Neurriaren bidez, beste langileek duten babes maila eskuratuko dute istripu edo gaixoaldietan, eta egindako lanak pentsiorako kontatuko die. Aldiz, ez dute langabezia saria kobratzeko eskubiderik izango.

Kotizatzen hasi bezain pronto, milaka lagun azaleratuko dira gizarte segurantzaren afiliazio datuetan. Datu orokorra puzteko asmoz egin izanaren balizko kritikak lausotzeko, Espainiako Lan Ministerioak iragarri du bekadunekin zerrenda berezi bat osatuko duela.

Atzerako eragina pentsiorako

Etorkizunera begira ez ezik, atzera begira ere ondorioak ditu Espainiako Gobernuaren erabakiak. Izan ere, posible izango da iraganean beka batekin egindako lana erabiltzea pentsiorako eskubidea osatzeko. Asko jota bi urte erreskatatzeko aukera izango dute hala nahi duten pertsonek.

Erreskate hori ez da doakoa izango, eta garesti aterako zaie bekadun ohiei. Gizarte segurantzarekin itun berezi bat hitzartu beharko dute, eta hilabete bakoitzeko 150 euro ordaindu beharko dituzte. Bi urteak osorik baliatu nahi izanez gero, 3.600 euro dira. Ordainketa beti langileak egingo du, eta ez beka egin zuen enpresak edo erakundeak.

Azaroaren 1etik aurrera erreskatearen tramitea abiatu ahalko da, 2012. urteko abenduaren 31 arte. Ordainketa ez da dena aldi berean egin beharko. Hala, lau hilabete aintzat hartzea nahi duenak, zortzi hilabetetan banatu ahalko du. Denbora osoa — bi urte— erreskatatzen duenari lau urte emango zaizkio. Tramitea azaroan eginda ere, urtarrilean hasiko litzateke ordainketa.

Bekadun egindako lanaren ziurtagiria aurkeztea ezinbestekoa izango da. Edonola ere, beka egindako enpresa itxita balego, edo agiria eman nahi ez badu, gizarte segurantzako ikuskaritzaren bidez bilatzeko aukera eskainiko dute.

Erreformaren itzalean

Erretiroa 67 urtera atzeratzeak eta ordaina kalkulatzeko epea luzatu izanak kalte egiten zien bekadun izandakoei, beste askoren artean. 2013. urtetik 38,5 urte kotizatuta izatea beharrezkoa izango da 65 urterekin erretiroa hartzeko. Hortaz, bi urte edo gutxiagoren faltan dauden bekadun ohiei bide bat eman zaie kotizatu gabe egindako lan hura baliatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.