Belus gutxi itxaronaldian

Eslovakiako Gobernua ez da gai izan Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsaren aldeko gehiengoa biltzeko, Europa osoa begira duela.

Ivan Santamaria.
2011ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Halakoak gertatzen dira Europa bateratua eraikitzeko prozesu traketsean. Euroguneko krisia onbideratzeko estrategia guztia 5,4 milioi biztanle dituen herrialde bateko agintarien eskuetan geratu da. Alegia, euroa erabiltzen duten biztanleen %1,5ek du azken hitza, eta beste 327 milioi lagun ordezkatzen dituzten herrialdeak, begira. Lehenbiziko aukeran, Eslovakiaren ahotsak ezezkoaren alde egin du.

Saio luze baten ondoren, Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsa (EFSF) handitzeko eta malgutzeko proposamena bozkatu behar zuen legebiltzarrak bart. Euroguneko herrialdeei nahiz erakundeei krisiari aurre egiteko laguntza eman behar zien tresna da EFSF. Haatik, horren sorrerak euroa erabiltzen duten hamazazpi herrialdeen bedeinkapena behar zuen. Soilik bi falta ziren atzo. Maltak ontzat jo zuen, baina Eslovakian ezezkoaren aurkakoak gehiago ziren bozketaren atarian.

Ziur asko, Eslovakiak ez zuen atzo bezain besteko arretarik bereganatu dibortzio sonatu baten protagonista izan zenetik. 1993 urtean Txekoslovakia bitan banatzea erabaki zenetik, hain zuzen ere. Prozesu politikoak era baketsuan aurrera eramateko abilezia dela-eta belus leunarekin parekatu izan dute. Sobietar Batasunarekin eta komunismoarekin hausteko prozesuari Belusezko Iraultza deitu zitzaion, eta Txekia eta Eslovakiaren arteko banaketari, Belusezko dibortzioa.

Orain ez da belusezko itxaronaldirik espero Eslovakian sortu den korapiloa askatu arte. Lehenbiziko bozketa galduko balitz ere, ez du esan nahi EFSF betirako lurperatu beharko denik, berriro bozkatzea posible delako. Haatik, gobernua sostengatzen duen lau alderdiko koalizioa amildegiaren ertzean geratu da.

Barne arazoen pisua

Herrialde bakoitzaren barne mailako arazoek krisiaren irtenbidea zeharo baldintzatzen dutela bistan geratu da Eslovakian. Hala, Iveta Radicova lehen ministro kontserbadoreari bizkarra eman diote SaS alderdiko liberalek. Dirua atzerriko bankuei laguntzeko erabiliko dela salatu, eta funtsa «besteei baino garestiago» aterako zaiela ziurtatu dute. Guztira, 7.700 milioi jarri beharko lituzke.

Berez, ganberan bada EFSFren aldeko gehiengo bat. Legebiltzarkide gehien dituen alderdia, Smer sozialdemokrata, prest legoke beste bozketa batean baiezkoa onartzeko, baina baldintza garbia ezarri du: gobernua desegitea eta bozak deitzea. Hauteskunde horietan gehiengoa lortzeko eta berriro gobernatzeko aukera oso gertu ikusten du.

EFSFrekin Eslovakian gertatu dena beste herrialde batzuetan errepikatzeko arriskua dago. Hots, krisiaren kontrako neurriak tokian tokiko bidesari politikoak kobratzeko baliatzea. Kontuan hartu behar da Greziaren bigarren erreskatea eta EFSFren ordezkoa (ESM) baimentzea falta dela. Eta baliteke neurri horiekin ere aski ez izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.