Aberastasuna banatzearen aldeko kanpainan urrats berria egingo duela iragarri du LABek, eta, horretarako, patronalaren eta gobernuen «benetako asmoak» gizarteari jakinaraziko dizkio. Gezur gehiagorik ez lelopean, «lan merkatua patronalaren neurrira eginda dagoela, politika publikoak enpresak finantzatzeko baliatzen direla eta babes soziala murrizten ari» dela salatuko du sindikatuak datozen asteetan.
Gobernuek langileekiko duten «utzikeriaren» eredugarri jarri zuen Ainhoa Etxaidek Eusko Jaurlaritzako lehendakariak osatutako aholkulari taldea. Hori enpresaburuek bakarrik osatzeak Patxi Lopezen asmoen berri ematen duela esan zuen: «Benetako elkarrizketa soziala, politika ekonomikoan erabakiak hartzen dituena, patronalarekin bakarrik egiten duela erakutsi du».
Krisiaren atzetik dauden arrazoiak oraindik ez direla «ez aitortu, ezta auzitan jarri ere» esan zuen LABeko idazkari nagusiak atzo, Sonia Gonzalez eta Oihan Ostolaza kideekin batera eginiko agerraldian. Langileek behar duten aldaketa, hartara, ez dela eman gogorarazi zuen Etxaidek.
Lau ardatzeko plana
Salaketak ez ezik, proposamenak ere plazaratu ditu LABek. Krisia sortu duen eredu ekonomiko eta soziala aldatzeko «plan integrala» proposatu du, lau ardatzetan oinarritutakoa: sektore publiko indartsu baten aldeko apustua, eredu berriaren motor izateko; enplegu eskubidea bermatzea helburu izan behar duen estrategia eraikitzea; babes soziala indartzea; eta langileen benetako parte-hartzea ahalbidetzea eredu ekonomikoa erabakitzeko.
Administrazioen neurriak, orain arte, «enpresaburuen mesedetara» egin direla salatu zuen Etxaidek eta horren aurka langileen interesak babestu behar dituztela gogorarazi zuen, «pertsonak merkatuen gainetik egon behar dutelako eta langileak kapitala baino garrantzitsuagoak direlako».
Horren haritik, negoziazio kolektiboan «garrantzi osoa» emango dio LABek langileen soldatak eta lan baldintzak hobetzeari. Proposamen «errealistak» egingo ditu sindikatuak, baina, aldi berean, «aberastasuna banatzeko bitartekoak indartuko» dituzte.
Benetako elkarrizketa soziala enpresariekin egitea egotzi dio Etxaidek Lopezi
Negoziazio kolektiboan lan baldintzak eta soldatak hobetzeari «garrantzi osoa» emango dio LABek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu