Premiazko bilera eskatu diote Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek Espainiako Arrantza ministro Elena Espinosari. Berdelaren arrantzaldia uste baino lehenago agortu izana egoera «larrian» utzi du sektorea, eta, horregatik, Kantabria, Galizia eta Asturiasko arrantzale kofradiekin batera, ministroarekin batzartu arte amarratuta jarraitzea erabaki dute.
Berdeletan aritzeko aurtengo kuota 7.500 tonakoa zuten, eta 11 egunetan gainditu dute, arrasteontziek ez beste guztiek. Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidentearen esanetan, berdelaren arrantzaldia 15 egunez luzatzeko modua bilatzeko eskatuko diote Espinosari, antxoaren kostera hasi arte.
Aurtengoa ez ezik, Europako Batzordeari datorren urteko berdelaren kuota handitzeko eskaera helarazi nahi diote kofradien federazioek Espainiako ministroaren bitartez.
Hegalaburraren debekua
Europako Batasuneko herrialdeek iragarri dute Atlantikoko eta Mediterraneoko hegalaburraren nazioarteko salmenta eta arrantza debekatzea eskatuko dutela. Arriskuan dauden Landare eta Animalien Nazioarteko Merkataritzari buruzko Hitzarmeneko (CITES) bilera egingo dute Dohan (Qatar), hilaren 13tik 25era, eta Europako Batzordeak hegalaburraren arrantza CITES erakundearen Lehen Eranskineko zerrendan sartu nahi du. Debekutik kanpo utzi nahi dituzte arrantza modu tradizionalak erabiltzen dituzten itsasontziak.
Europako Ministroen Kontseiluak egunotan sinatu beharko du atzo adostutako jarrera debekuaren inguruan.
Berdelaren kostera beste 15 egun luzatzea eskatu dute arrantzaleek
Europako Batasunak hegalaburra nazioartean saltzeko debekua ezarri nahi du 2011tik aurrera, espeziea salbatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu