Arabako Foru Aldundiak finantza egoera "sendoa" du, Aitor Uribesalgo Ogasun ahaldunaren ustez. Egoera horrek justifikatuko luke joan den astean proposatatutako zerga jaitsiera. "Proposamen ausarta da, eta aldundiak duen kaudimen egoera argian oinarritzen da", Uribesalgoren hitzetan.
Orain, zergak jaisteko aukera Zergak Koordinatzeko Organora eramango du Arabako foru gobernuak. Oposizioko alderdiek, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak honezkero esan dute ez zaiela egokia iruditzen. Ezezko hori kritikatu du Uribesalgok. "Inork ezin du ukatu diru sarrera txikienak dituzten herritarrei zerga presioa arintzeko aukera".
Aldundiaren finantza egoerari buruzko agerraldia egin du gaur goizean Uribesalgok, diputazioaren jauregian. Joan den irailaren 10ean Fitch rating agentziak emandako ebazpena baliatu du ahaldunak, kontu publikoen sendotasuna argudiatzeko. Arabako Foru Aldundiaren zorrari A kalifikazioa eman zion Fitchek joan den maiatzean, eta irailean sailkapen hori berretsi du.
Ogasun ahaldunaren arabera, herrialdeko kaudimenak kalifikazio hobe bat ere justifikatuko luke, baina rating agentzien araudiek ez dute aukera hori eskaintzen, asko jota lurralde batek bere estatuaren maila baino bi koska gehiago izan ditzakeelako. Kasu honetan, Espainiaren rating-a BBB+ da.
Hamabi urtera egindako azken zor jaulkipenean aldundiak ordaindutako interesa %1,52 izan da, Alemaniak hamar urterako bonuetan ordaintzen duena baino 48 oinarrizko puntu gehiago.
Gastu soziala, "indartuta"
Arabako Foru Aldundiaren aurrekontu propioak goia jo zuen 2009. urtean, 551 milioi eurorekin. Azkena, 2014. urtekoa, %25 txikiagoa da. Gastu murrizketa horiek egon badira ere gastu soziala "indartu" dela ziurtatu du Uribesalgok. Aldundiak funtzionamendu gastutik dirua gastu sozialera bideratuta lortu du, haren esanetan. "Gastu soziala hala ehunekoan nola kopuru orokorretan igo da". 2011. urtearekin egin ditu alderaketa guztiak Uribesalgok. Hots, PP Arabako gobernura itzuli zen urtearekin.
Zorpetzea ere mugatzeko helburuan engaiatuta segitzen du. 2015. urtean zorpetze garbia soilik hamabost 15,5 milioi eurokoa izatea aurreikusi du. Guztira, 500 milioi euro inguruko zorpetzea du pilatua foru aldundiak.
Finantza egoera horri esker langile publikoen ordaina hobetzeko aukerari buruz galdetuta, Uribesalgok adierazi du aukera hori "aztertzeko prest" daudela, eta aurten berriro ere BGAEra doan partea itzultzen hasi direla gogoratu du. Azken urteotan soldatak hazkunderik gabe edo jaitsierekin izan dituzte aldundiko funtzionarioek.