EKONOMIA

Bermatutako Errenta onartu du Nafarroako Gobernuak, pobreziari aurre egiteko

Haurrak dituzten familien eta adinekoen "bazterketa egoeran" jarri dute mira gobernua sostengatzen duten lau alderdiek. Baldintzak malgutu, eta 25.000 onuraduni hobetuko dizkiete jaso beharreko kopuruak. Moldaketekin, 2.800 lagun gehiago batzea espero dute.

Gobernuko lau alderdiak, martxoan, errenta berria aurkezten. I. URIZ / ARGAZKI PRESS
Oihan Vitoria.
2016ko ekainaren 29a
08:44
Entzun

Gizarteratzeko errenta ordezkatuko du Bermatutako Errentak. Martxoan aurkeztu eta gaur onartu dute lege proiektua, gobernua sostengatzen duten lau alderdien (Gero Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra) oniritziarekin. Akordio programatikoan jasota zegoen puntuetako bat da, baina harago joan direla nabarmendu du Gizarte Gaietarako lehendakariorde Miguel Laparrak.

Haurren eta adinekoen pobrezian arreta berezia jarri, eta horri aurre egitea jo dute lehentasunezkotzat. Horretarako, 18,8 milioiko inbertsio gehigarriak egingo dituzte datozen bi urteotan: 2016an, orotara, 60.600 euro jarriko dituzte; 2017an, 11,3 milioi; eta 2018an, 2,3 milioi. Gizarte mugimenduen iradokizun eta ekarpenak aintzat hartuta ondu dute dokumentua, eta parlamentuak onartu beharko du orain. Hona errentaren ezaugarri nagusiak:

1. Errentaren kopuruak, gora

Errentaren kopuruak hobetu egingo dira 25.000 lagunentzat —onuradunen %80 dira—, eta gehieneko kopurua egungo 983 euroetatik 1.200 eurora handituko da. Orain arte, 655 eta 983 euro artekoa zen; aurrerantzean, 600 eta 1.200 euro artekoa izango da. Nafarroako KPIaren eta batez besteko soldataren arabera eguneratuko dira kopuruak automatikoki. Moldaketei esker, errenta berria egun baino 2.800 lagun gehiagok jasotzea espero du gobernuak.

2. Pobreziari aurre egitea, lehentasun

Neurriak bi kide baino gehiagoko familiei egingo die mesede. 5.000 norbanakori (%20), berriz, hilean 55 euro murriztuko diete errenta, 600 eurora arte. Batik bat, haurrak beren gain dituzten sendiak lehenetsi nahi izan ditu gobernuak mailaketa berriarekin. Laparraren arabera, izan ere, iaz gizarteratzeko errenta jaso zuten onuradunen %38 (10.820) adingabeak ziren; horietatik 3.891 amarekin bizi ziren guraso bakarreko familia batean, eta 462 aitarekin. Genero berdintasuna errotzeko hondar alea jarriko du hala errentak, Laparraren hitzetan.

Badira salbuespenak: bazterketa "larrian" diren familiek ere izango dute errenta eskuragai, baldintzaren bat bete gabe ere. Sei hilabeteren buruan, gizarte bazterketaren inguruko plan estrategikoa ezarriko du gobernuak, eta aldian-aldian berrituko du. "Pobreziari aurre egitea da helburua".

3. Baldintza "malguagoak"

Onuradunek Nafarroan gutxienez bi urtez bizi direla egiaztatu beharko dute, nahiz eta haurrak beren gain dituzten familiei urtebete baino ez dieten eskatuko. Laguntza jasotzeko, halaber, bizitokiaren lege baimena izatea ez da beharrezkoa izango. 18 urtetik aurrerakoek jaso ahalko dute errenta. Hori bai, 18 urtetik 24 urtera arteko sendiek etxetik at gutxienez bi urte daramatzatela eta Gizarte Segurantzan behintzat urtebetez kotizatu dutela egiaztatu beharko dute.

4. 65 urtetik gorakoak ere bai

Baldintzak betez gero, kotizazio gabeko pentsiodunek ere zerga kenkari bidez jaso beharreko adinako errenta jaso ahalko dute. Ordainketa aurreratua hilabetez hilabete egiteko eska dezakete. Bestalde, errenta gehienez ere bi urte eta erdiz jasotzeko muga kenduko du gobernuak. Premia izatekotan, urtetik urtera luzatu ahalko da hura jasotzeko aldia. Orain arte, gizarteratzeko errenta 36 hilabetez eskuratua zuten onuradunek urtebete egin behar zuten gero hura jaso gabe. Etxebizitza berean familia bat baino gehiago bizi badira, nork bere errenta jasotzeko aukera izango du, gehienez hiru; orain arte bakarra jaso zezaketen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.