Bermeoko ontzi bat hondoratu da Kantabriako kostaldean

'Divina Pastora' arrantza-ontziak Getariako 'Stella Maris Berria'-ren kontra jo zuen goizaldean

SAIOA MUJIKA - DONOSTIA
2004ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Atzo goizaldean, Bermeoko Divina Pastora arrantza-ontzia Kantabriako kostaldean hondoratu zen, Getariako Stella Maris Berria-ren kontra jo ondoren. Istripuaren ondorioz, Bermeoko arrantzale batek gorputzaren %5 erreta dauka.

Ezbeharra Llanes (Asturias) eta San Vicente de la Barquera (Kantabria) artean gertatu zen, azken herri horretatik gertu. Baxurako arrantzaleak eguneko lanak bukatu ondoren geldituta zeuden; guztira 30 edo 40 ontzi. Divina Pastora bi ontziren artetik pasatzen ari zela Stella Maris Berria pare-parean harrapatu eta elkar jo zuten, 00:30 aldera. Berehala Bilboko Itsasoko Zerbitzuak Santanderren dagoen Herriko Itsasoko Salbamendu Zentroari istripuaren berri eman zion.Kolpeak hautsi egin zuen Bermeoko ontzia eta bizkor hondoratu zen Kantabriako uretan.Stella Maris Berria-k, aldiz, kroskoa eta zubia konpondu beharko ditu. Hondoratutako ontziko hamahiru arrantzaleak Getariako ontziak jaso zituen eta arratsalderako Bermeon bertan utzi zituen. Zauritu bakarra, 50 urteko J.A. L.D. bermeotarra, Helimer Cantabrico helikopteroak Santanderko Parayas aireporturaino eraman zuen 02:30 aldera. Han zain zuen anbulantziak Marques de Valdecilla ospitalera eraman zuen. Arratsaldean, berriz, Gurutzetako ospitalera eraman zuten, Barakaldora. Zaurituak gorputzaren %5 erreta dauka, istripuaren mementoan sukaldean zartagin artean zegoelako eta irakiten ari zen ura gainera erori zitzaiolako.Bermeoko eta Getariako ontziek elkar jo zuten tokian Salvamarreko ontzi bat ibili zen barkuen motorretatik erregairik eta itsasoa kutsa zezaketen beste gairik ez zegoela egiaztatzen. Ur gainera ateratzen zen ontziko tresneria eta materiala jasotzen ere aritu zen.

Arrazoiak argitzeke

Oraindik ez dago garbi zer dela-eta jo zuen Divina Pastora-k Stella Maris Berria. «Eguraldia ez zen txarra eta itsasoa nahiko bare» zegoela, argitu zion Berriari Getariako ontziko armadorearen anaiak. Bisibilitatea, berriz, ez zen oso ona. Bermeoko Kofradiak ere ez zuen informaziorik, hondoratutako ontziko kapitaina oso hunkiturik zegoela-eta, gaur arte ez hitz egitea erabaki baitzuen.

Stella Maris Berria arratsaldean eraman zuten Pasai Donibaneko San Juan ontziolara. Han konponduko dizkiote kroskoa eta zubia, aseguru etxeko perituak kalteen balioa kalkulatu ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.