EKONOMIA

"Berregituraketa antolatu bat" aurkezteko eskatu dio Jaurlaritzak Fagorri

Etxetresnetako langileei konponbidea emateko bulego bat irekiko du Mondragon Korporazioak. Hiru informazio bilera egingo dituzte gaur, Arrasateko Amaia antzokian, egoeraren berri emateko. 10:30ean hasi da lehena. Fagorren egoera "herri gisako porrota" dela uste du LABek.

2013ko urriaren 17a
17:35
Entzun

Fagor Etxetresnak kooperatibak konkurtso legearen aurrekora jo duela zabaldu eta biharamunean, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak "berregituraketa antolatu bat" aurkezteko eskatu dio enpresaren zuzendaritzari, "salba daitekeena libratzeko" eta "ahalik eta lanpostu gehienei eusteko", likidazioaren bidetik jo beharrean.

Radio Euskadin elkarrizketatu dute Erkoreka. Penaz hartu du Fagor hartzekodunen lehiaketa aurreko fasean sartzea, duen "balio sinboliko izugarria" dela eta. "Fenomeno ezezaguna zen munduan, beste inon parekorik ez duena, eta poztasun arrazoia zen", esan du. Hortaz, Fagorren egoerak euskal industriaren "oinarri ekonomikoei kalte" egiteaz gain, haien estimuari ere kalte egiten diola esan du.

Azaldu du Jaurlaritzak uneoro izan duela Fagorren egoeraren berri, eta hura suspertzen saiatu zela. Baina "salmenten joeren eta beste baldintza batzuen" eraginez, Fagor Etxetresnak "dauden bezala, ez dira bideragarriak".

Inazio Azkarragaurizar Arrasateko alkateak Euskadi Irratian hitz egin du. Azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lanean ari direla eta ahalik eta lanpostu gehienei eustea dela lehentasuna.

LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek, berriz, Onda Vasca irratian esan du "arazoaren parte" sentitzen dela sindikatua eta, beraz, "irtenbidearen parte" izan nahi duela. Kooperatibaren egoera "herri gisako porrota" dela gaineratu du, iritzita "politika publikorik ezak" eta "moteltasun industrialak" sortu dutela egungo egoera.

Bulego bat langileentzat

Mondragon Korporazioak Enplegu Bulego Korporatibo bat irekiko du, langileei irtenbide bat emateko. Erretiro aurreratuak eta birkokaketak eskaini nahi ditu MCCk.

Horiei egoeraren berri emateko, hiru informazio bilera egingo dituzte gaur, Arrasateko Amaia antzokian. 10:30ean hasi da lehena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.