Gipuzkoako ekonomiaren motorra industria sektorea da. Eta hala izaten jarrai dezan, haren aldeko apustua egiten jarraitu behar da, batez ere berrikuntzan. Hala adierazi zuen atzo Adegi patronalak, gaurko urteroko batzarraren aurretik produktibitateari buruz txostena aurkezterakoan. Azken 25 urteetan, Gipuzkoaren produktibitatea (landuneko)%46 hazi da, oro har. Industrian, aldiz, hazkundea %101ekoa izan da.
1995. urtetik honako datuei begira, maila makroekonomikoan, Gipuzkoan landuneko produktibitatea eurogunekoaren batez besteko %90aren ingurukoa da eta hazkunde erritmoa eurogunekoaren antzekoa. Baina, puntako herrialdeak, esaterako, Belgika, Finlandia, Luxenburgo eta Frantzia urrun gelditzen zaizkio Gipuzkoari. Datuak okerxeagoak dira lan orduko produktibitateari erreparatuta. Adibidez, 2002an euroguneko batez bestekoaren %89koa zen Gipuzkoako industriako lan orduko produktibitatea. Denboran maila horri eustea lortu du Gipuzkoako industriak. 1995-2002 urte artean, lan orduko produktibitatea, industrian, %18,5 hazi zen Gipuzkoan, %18,4 eurogunean, %14,0 EAEn, eta %7,1 Espainian.
Horrek esan nahi du, lan orduak aintzat hartuz ere, Gipuzkoako industriaren produktibitatea Italia, Espainia, Grezia eta Portugalgoa baina handiagoa dela, baina Belgika, Finlandia, Frantzia eta Herbehereen oso azpitik dagoela. «Eta horiek irabazten dute gehien lehian», azaldu zuen Jose Mari Ruiz Urtxegi Adegiko idazkari nagusiak. Orain arteko ahalegina ere azpimarratu zuen elkarteak. 1995an 6.000 euroko inbertsio gordina egin zuten enpresek landuneko. 2002an inbertsioa bikoitza zen, 12.000 eurokoa.
Baina, aurrera begira, batez bestekoaren gainean dauden horien artean ikusi nahi dute euren burua Gipuzkoako industriako enpresaburuek, lehiakortasunaren eta produktibitatearen arteko loturaz jabetuta. Gipuzkoan eta oro har EAEn produktibitatearen egoera zein den ikusita, «berehalako neurriak» nahi dituzte, ekonomiari «sendotasuna eman behar zaiolako». Izan ere, nazioarteko merkatuetako lehia jada gogorra areagotzen ari da oraindik produktibitate txikia baina, aldi berean, askoz ere lan kostu txikiagoak dituzten herrialdeetatik.
Berrikuntza bidea
Horretarako bidea, berrikuntza dela azaldu zuen Ruiz Urtxegik. Prozesuan, produktuan, erakundean eta kudeaketan, oinarrizkoa da berrikuntza produktibitatea handitzeko.
Eta, besteak beste, Eusko Jaurlaritza aipatuz, Industriaren Berrikuntzarako Agentzia sortzea eskatu zien Adegik agintariei. «Agentziak berrikuntzaren aldeko benetako apustua ikusgarri egin, artikulatu eta zabalduko luke, eta Unibertsitateetara, Zentro Teknologikoetara, enpresatara eta gizartera helarazi», argudiatu zuen proposamena Ruiz Urtxegik. Agentzia horrek hartuko lituzkeen lanei buruz, iradokizun orokorra egiten ari zela azaldu zuen Urtxegik, baina, besteak beste, berrikuntzarako zerga laguntzen kudeaketa aipatu zituen. «Eta ez naiz ari enpresaburuentzako laguntza gehiago eskatzen, laguntza hobeagoak baizik».Era berean, kapital arriskuaren garapena sustatzeko baldintzak «ezinbestekotzat» jo zituen enpresaburuen elkarteak. Eta aldi berean, Gipuzkoako enpresek inguruko makroekonomiko egonkorra behar dutela ere azpimarratu zuten, «aurrezkia eta inbertsio produktiboa sustatuko duen ingurua, interes tasa txikiekin; eta bertan berrikuntza sortzea ahalbidetu eta atzerriko inbertsioa erakarriko duten azpiegitura fisikoekin, hezkuntzaren eta teknologiaren ingurukoak».
INDUSTRIA
Berrikuntza Agentzia sortzeko eskatu du Adegik, produktibitatea sustatzeko
Industriako produktibitatearen hazkunde erritmoan euroguneko batez bestekotik hurbil dago Gipuzkoa, baina puntako herrialdeetatik urrun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu