Izen berria hartuko du BBVAk Bilboko Plaza Biribilean duen eraikinak. Bizkaia Dorrea deituko da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak bultzatutako proiektu berri baten egoitza bihurtuko da. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkuran eman du erabakiaren berri, politika orokorreko eztabaidan. Aurreratu duenez, Berrikuntzarako Nazioarteko Zentroa kokatuko dute BBVAren dorrean eta aldundiak bere zerbitzuak eraikinean zentralizatuko ditu. Horretarako, eraikinaren erdialdeko eta goialdeko solairuak alokatuko ditu. Rementeriak ez du baztertu eragile gehiago ere proiektura batzea.
"Berrikuntzarako ekosistema bat izatea nahi dugu", adierazi du Bizkaiko ahaldun nagusiak. Nabarmendu du "ilusio handia" jarri dutela egitasmoan. Rementeriak azaldu duenez, Bizkaiko aldundiaren eta Bilboko Udalaren arteko hitzarmenak aukera emango die proiektuaren "aukerak eta arazoak" non dauden aztertuko duen enpresa bat kontratatzeko. Azterketa hori urtarrilean egingo dutela adierazi du.
Berrikuntzarako Nazioarteko zentroak dorrearen erdialdeko solairuak hartuko ditu, eta goialdekoetan eskainiko ditu zerbitzuak aldundiak. "Eraikina itzali zenean, Bilboren pisu finantzieroa itzali zen. Garai baten amaiera izan zen. Diputazioa honek dorrea berriz ere piztuko du, eta ideia eta negozio berriak argituko dituen garai berri bat piztuko du, enpresak sortzen lagunduko duena".
Zahartzea eta migratzaileak
Horrez gain, Rementeriak populazioaren zahartzeari erantzuteko politikak aipatu ditu aldundiaren lehentasunen artean. Gogorarazi du aldundiak Nagusi Intelligence Centre proiektua sustatuko duela Bilbon, zahartzearekin lotutako industria bultzatzeko. 20 milioi euro bideratuko ditu horretara, lau edo bost urtetan.
Pentsio publikoak ekarpen pribatuekin osatzea ezinbesteko jo du, bestalde. Rementeria ekarpen publikoa osatuko duen sistema bat eratzearen alde agertu da, "Bizkaiko langile guztientzako".
Rementeriak azken hilabeteetan Bizkaira iritsi diren migratzaileen egoera ere izan du hizpide. Haren esanetan, Bizkaia gizarte "solidarioa" da, eta beti lagundu du laguntza behar izan duena. "Baina lagundu ahal izateko, gaitasuna izan behar da. Baliabideak behar dira". Rementeriak gaineratu du migratzaileei "gainerakoen eskubide eta betebehar berberak" eskaini behar zaizkiela. "Gizarte guztiek dute gaitasun mugatua".