Candyko langile batzordeak Bergarako lantegia berriro ere abian jarri eta langileak lanean hasteko bi proposamen dituzte mahaiaren gainean. Horrela, badute alternatiba joan den hilaren hasieran atzera bota zuten plana eta gero. Izan ere, Mondragon Unibertsitateak eta Price Waterhouse Coopers aholkularitza enpresak Optimizek Candyrentzat aurkeztutako negozio plana ez zuten onartu, bideragarria ez zela iritzita.
Orain aztertzeke daukaten lehen proposamena Frantziako enpresa batena da. Hiri-altzariak egiten ditu, tetrapack birziklatuarekin. Bergarako lantegian bertan jar dezake ekoizpena martxan, eta 40 langile inguru beharko lituzke.
Bigarren proposamena bertako ekintzaileen egitasmo bat da. Autoentzako piezak egiten dituzte hauek. Kasu honetan ez lukete nahikoa Bergarako egungo lantegiarekin; urtebete baino gehiago beharko lukete lantegia handitzeko lanak egiteko. 20-25 langile hartuko lituzke egitasmo honek.
Orain, bi asteko epean, erabakiren bat hartuko dute Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu dizkien bi egitasmoen inguruan.