Ekainaren 24ko greba barne, Frantziako Gobernuaren erretreten erreformaren aurkako laugarren protesta eguna da gaurkoa Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, hainbat sindikatuk deiturik. Eta berriz ere Baionan milaka lagunek manifestazioa egin dute, 10:30etik aurrera.
Aldaketa nagusia aitzineko grebei begira, haatik, greba deialdian datza. Aitzinekoetan ez bezala, aldi honetan greba berriztagarrien deialdiak zabaldu dira; SNCF tren konpainian, adibidez. Ondorioz, hiru AHTetatik bat baizik ez da partitu. Eskualdeko trenetan, zirkulazioaren %61 segurtatu dutela iragarri du konpainiak. Autobusen aldetik, Baiona eta ingurukoetan dabiltzanen erdiak dabiltza. Baionan berean ari direnetan, bat bera ere ez. Miarritzeko aireportuan, EasyJet eta Ryanair konpainiek beren hegaldiak eten dituzte, Air Francek Parisera doazen lau hegaldi atxikiak ditu. Postan ere greba egitera deitu dute.
Horiek guztiak gaurko dira jakinak. Kontua da sindikatu guztiek ez dukatela diskurtso bera greba berriztagarriari begira. Intersindikalak -hau da, CGT, CFDT, CFTC, CFE-CGC, FSU, FO, Solidaires eta Unsa sindikatuek osatu kolektiboak-, kolektibo gisa, beste manifestaldi bat pentsatua du larunbat honetarako; gaurko, grebara deitu du, baina ez greba orokorrera. Hainbat sektoretako langileak biltzar nagusiak antolatzera deitu dituzte, biltzar bakoitzak erabaki dezan zer segida eman. LABek greba orokorrera deitu du.
Erretreten erreformaren aurka sortu Euskal Herriko kolektibitateak bihar 14:30ean biltzera deitu du Baionako Lan Burtsan, grebalarien artean ikusteko zer segida eman mugimenduari.
Bien bitartean, senatariek erretreten erreformaren bozaldia segitzen ari dira. Ostiralean onetsi zuten bosgarren artikulua, zeinak erretretaren adina 60tik 62ra gibelatzen baitu. Orain, seigarren artikulua ari dira aztertzen. Nahiz eta ez 40 urtez lan egin, pentsioa osorik jaso ahal izateko, gaur egun 65 urte bete behar badira, artikulu hori onartuz gero, 67 urte arte lan egitea beharrezkoa izanen da. Bozaldia atzeratzeko, oposizioak ehunka zuzenketa proposamen iragarriak ditu. Eztabaida horiek luzatzekoak dituzte. Gaur eztabaidak segitzekoa du eta aste bukaera arte.
ekoNOMIA
Berriro milaka lagun Baionan erretreten erreformaren aurka
Frantziako Gobernuaren erretiro egitasmoaren kontrako laugarren protesta eguna da gaurkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu