Arrantza

Berriz ireki dute antxoaren arrantzaldia

Gaur ireki dute antxoaren arrantzaldia, hiru egun etenda egon ondoren.

Erosleak antxoaren tamaina azertzen, iaz, arrantzaleek Ondarroako Portuan deskargatu bezain laster. JON FERNANDEZ
2015eko uztailaren 16a
16:00
Entzun

Espainiako Nekazaritza Ministerioak gaur ireki du berriz antxoaren kanpaina. Uztailaren 1ean ireki zen urteko bigarren arrantzaldia, kuota betetzeko falta zaien %10a arrantzatzeko. Uztailaren 13an, ordea, behin behinean eten zuen arrantzaldia Madrilek, ordura arte harrapatutakoa kontatzeko. Kuotaren %7 arrantzatu gabe dago oraindik; hori horrela, gaur ireki du berriz antxoaren kanpaina. Miren Garmendia Gipuzkoako Kofradiako idazkaria kexu agertu da: “Gauzak azkarrago egin zitezkeen. Madrilek nahiko eguneratuta ditu datuak, eta arrantza egun batzuk galdu dira”.

Orain arteko antxoaren arrantzaldiaren balorazio positiboa egin du Garmendiak. “Antxoaren kopurua handia izan da, eta Kantauri osoan hedatu da. Oso pozik gaude”. Hala ere, antxoaren tamaina txikia izan da, eta horrek kalte egin die merkatuan: “Antxoa txikiak prezio txikiagoa du, eta iaztik prezioa jaitsi egin da. Topeak jarri ditugu, eta ondo kudeatu, ahalik eta preziorik onena lortzeko”. Garmendiak adierazi duenez, antxoaren tamainak ere lan egiteko zailtasunak ekarri dizkio kontserba industriari, eta kexu agertu dira.

Hegaluzearen arrantzaldia ere abian jarri berri da. Iaz oso urruti egon zen hegaluzea, eta hori da, hain zuzen, aurtengo kezka. Dena den, balorazio bat egiteko “goizegi” den arren, kostatik gertu ikusi dute arraina, eta aste honetan bertan hegaluze pixka bat arrantzatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.