Energia

Berriztagarrien espekulazio burbuila lehertu nahi du Madrilek

Tramiteei iraungitze automatikoa ezarriko die. Prezioen araberako enkante bat nahi du aurten

Baratze fotovoltaiko bat, Pitillasen. IDOIA ZABALETA / FOKU
Irune Lasa.
2020ko ekainaren 23a
17:26
Entzun

Energia berriztagarriaren merkatuari bultzada emateko asmoz hainbat arau biltzen dituen dekretua onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak, tartean konexio baimenen espekulazio burbuila eteteko epe berriak, eta argindar berriztagarrien enkanteak ahalbidetzeko neurriak.

Urte gutxitan gertatu da; iturri berriztagarrietatik —haize errotetatik eta fotovoltaikoetatik— argindarra sortzea askoz ere merkeagoa da orain. Baina ez da erraza gertatzen ari horren eragina kontsumitzaileen fakturan antzematea. Hainbat dira horren atzean dauden arrazoiak, eta horietako bat espekulazioa izatea eragotzi nahi du Sanchezen gobernuak.

Espainian parke eolikoen eta fotovoltaikoen inguruan espekulazio burbuila bat puztu dela, hain zuzen, Red Electrica bera ari da ohartarazten iaztik. Zenbakiei begiratu besterik ez dago: berriztagarrien sare elektrikorako sarbide eta konexio eskariak 430 gigawatteko potentziakoak izan dira 2018az geroztik. Baina 2030. urterako Espainiako Klima eta Energia Planak 60 gigawatteko helburua du instalazio berrietarako, besteak beste, azken urteetan Espainian 40 gigawatt ingurukoa izan delako argindar eskaririk handiena.   

Ezinezkoa da, beraz, konexio eskaerek jasotako kapazitate elektriko hori guztia garatzea. Ezta asmorik ere. Red Electricak, CNMCk eta gobernuak uste dute hor tartean bitartekari espekulatzaileak daudela. Parkerik eraikitzeko asmorik gabe, lizentziak eskuratzea da haien negozioa, gero haiek egiazko parke sustatzaileei saltzeko. Zenbait hedabidetan agertu da konexio lizentzia jakin batzuek megawatteko 100.000 euro balio dezakeela.

Argindar merkeagoa

Nork ordaintzen du, azken buruan, diru hori? Kontsumitzaile xeheak. Red Electrica jada hasita zegoen ezezkoa ematen zenbait eskaerari, gehienak energia fotovoltaikoari zegozkionak. Nafarroan, esaterako, apirilean 0,6 gigawatt eoliko eta 0,3 fotovoltaiko ziren baimena ukatutakoak.

Orain, gobernuaren dekretuak bidea erraztu nahi die parkeen sustatzaileei eta baimenak mugatu «proiektu egiazko eta sendoei». Hori ziurtatzeko, tramite bakoitzarentzat epeak ezarriko ditu, eta, horiek betetzen ez badira, esleipena iraungi egingo da, modu automatikoan. Gobernuak eta CNMCk araudi berria garatu artean, gutxienez datozen hiru hilabeteetan, ez da eskaera berririk onartuko.

Berriztagarrien enkanteen eredua ere aldatu eta arautu nahi du gobernuak, enkante horiek prezioen arabera egin daitezen, eta horrela sorkuntza merkeagoaren eragina herritarren fakturetara ere irits dadin. Portugalen, esaterako, argindar merkatu orokorrekoak baino prezio merkeagoak eman zituen iaz halako enkante batek. Lehen enkantea urteko bigarren seihilekoan egin nahiko luke Espainiako Gobernuak, baina oraindik ez du zehaztu zenbat potentzia aterako litzatekeen enkantean. Gobernuak azaldu du sortzaile txikien erkidegoak ere aurkeztu ahalko direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.