Pankartarik ez, pikete eta ertzainen arteko liskarrik ez eta manifestaziorik ez. Lau sindikatu nagusiek Bizkaiko merkataritzan atzo deitutako greba bertan behera utzi zuten patronalaren azken orduko proposamena jaso ondoren. Goizean goizetik hasi ziren lanuzteak eteteko negoziazioak, eta, erabakia saltokiak irekitzeko orduan —hamarrak aldera— hartu zutenez, inolako eraginik ez zuen izan. Gaurko deialdia ere geldiarazi egin dute ELAk,CCOOk, UGTk eta LABek.
Cecobi Bizkaiko Merkataritzako Enpresarien Konfederazioak sektoreko hitzarmeneko mahaia biltzeko eskatu zien sindikatuei, orain arte eginiko eskaintzak hobetzeko prest zegoelako. Soldatak aurreko urteko KPIa igotzea eta atzerapenak ere ordaintzea proposatu die, hain zuzen ere.
ELAk, LABek eta CCOOk, sektoreko langileen %90 ordezkatzen dituzten sindikatuek, ontzat jo dute patronalak «orain arteko proposamenik onena» egin izana, baina baldintza hobeak eskatu dituzte. Alde bietako proposamenak «hurbildu eta akordioa lortzeko» asmoz hilaren 28an bilduko dira berriz. Bilera horren ostean erabakiko dute urtarrilaren 7rako eginiko greba deialdiari eutsiko dioten edo ez. Oraingoz, indarrean dagoela berretsi dute.
Greba bertan behera utzita ere, Marije Fernandez ELAko ordezkariak Eusko Jaurlaritzaren jokabidea salatu zuen, goizean ertzainen «gehiegizko despliegea» zegoelako kaleetan. Berriz ere, Ertzaintza «patronalaren zerbitzura» jartzea leporatu zion.
UGTk ere grebara deitu zuen baina, beste sindikatuek ez bezala, ez zuen deialdia atzera bota arratsaldera arte.
Bertan behera utzi dute greba Bizkaiko merkataritzan
Sindikatuek gaurko lanuztea ere atzera bota dute, eta urtarrilekoari eutsiko diote enpresen eskaintza berriaren zain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu