Ekonomia

Bertan behera utzi dute greba Nanukeko langileek, akordio bat eginda zuzendaritzarekin

Lan erreformatik babesten dituen hitzarmena lortu dutela jakinarazi dute langileek. 63 egun egin dituzte greban.

Nanukeko langileen protesta bat irailean, Elorrion. RAUL BOGAJO, ARP
2013ko azaroaren 6a
13:45
Entzun

Nanukeko langileek zuzendaritzarekin lortutako hitzarmenak klausulak barneratu ditu lan erreformaren aurka. Horrez gainera, Xabier Gallastegi kaleratu zuten langilea beste enpresa batean sartzea lortu dute, "baldintza duinetan". Gallastegi grebaren alde egindako lanagatik kaleratu zuten. "Zoritxarrez ez da enpresaren ekimen baten ondorioz lortutako gauza bat, grebalarion borrokaren bidez lortutako zerbait baizik", dio langileek bidalitako oharrak.

Greba mugagabea hasi zuten "lan hitzarmen duin bat" lortu nahi zutela eta. Zuzendaritzak bi ordainsari zor zizkiela salatu zuten, baita soldatak %4 murriztu zizkiela ere. Gallastegi kaleratu zutenean giroa are gehiago gaiztotu eta erabaki zuten protesta hastea.

"Oso gogorrak" egin zaizkie greban egon diren bederatzi asteak, baina akordio honek "aldeen harremanak hobetzeko balioko" duela uste dute. "Borroka" izan da langileen ustez beren egoera hobetzeko gakoa: "Herri honetako langileok berriz ere lortu dugu hau frogatzea".

Eskerrak emateko ere baliatu dute bidalitako oharra langileek: "Ez litzateke posible izango Elorrioko herriak eman digun indar eta bultzadagatik ez balitz". Eskerrak eman nahi izan dizkiete haien aldeko ekintzetan parte hartu duten langile guztiei ere, eta "une hain gogorretan maila eman duten senide guztiei ere esker beroenak" eman nahi izan dizkiete, "bidezkoa zen borroka honetan eman diguten beharrezko indarra emateagatik".

Garraio enpresa da Nanuk, Eroskirentzat lan egiten du, eta irailaz geroztik egon dira greban. 95 behargin dauzka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.