Aldeko ebazpena izanda ere, beste behin gure aurka etorriko dira», Rakel Aspiazuren esanetan. Arrigorriagako (Bizkaia) Indusal enpresako langile batzordeko kidea da, eta azken hilabetean buru-belarri aritu da bere lankideekin batera lantegiak egin gura zituen leku aldatzeen aurka borrokan. Arrigorriagako lantegian produkzioak behera egin duela arrazoituta, 23 langile Pontevedra (Galizia), Huelva, Guadalajara (Espainia) edo Valentziara (Herrialde Katalanak) bidali nahi zituen zuzendaritzak. Baina aste honetan Indusalek Iruñean duen egoitzak adierazi duenez, 4,5 milioi euroko inbertsioa egin behar dute bertan, 50 lanpostu sortzeko. «Gu, aldiz, ahalik eta urrunen bidali nahi gintuzten; ulergaitza da», Mertxe Apolinar langilearen esanetan. Valentziara joan beharra zeukan Apolinarrek. Lekualdatze horiek hilaren 26an ziren egitekoak, ostegunean. «Eta ostiral goizean Valentziako egoitzan nire zain egongo zirela esan zidaten», azaldu du. Horregatik, ezkutuko kaleratze bat dela salatu du LAB sindikatuak: «Enpresak lanari muzin egitera behartu nahi zituen langileak».
Egoera hori ikusita, langileek auzitara jo zuten, eta atzo bertan Bilboko epaitegiak arrazoia eman zien, «jazarpen sindikala» egon dela iritzita. Aspiazuk zehaztu duenez, langile horietako «ia denak» LAB sindikatuko afiliatuak dira, eta kideak ez badira, LABek antolatutako mobilizazioetan parte hartu dute. «Beste behin arrazoia genuela erakutsi dugu, baina borrokan jarraitu beharko dugu, hala ere». Izan ere, uste du jazarpen sindikalak oraindik aurrera jarraituko duela.
Epaitegiak atzo eman zuen ebazpena, ordea, ibilbide luze bateko beste mugarri bat besterik ez da. 2008an hilabete eta erdiko greba egin zuten langileek, eta lanuzte haren ondorioak oraindik nozitzen ari dira. «Orain lekuz aldatu nahi zituzten gehienek greba horretan parte hartu baitzuten».
Berdintasunagatik, greban
2008ra arte, emakumeek egoera kaskarragoan lan egiten zuten Indusalen. Gizonezkoek baino soldata txikiagoak jasotzen zituzten. Kasu batzuetan baita 300 euro gutxiago ere. «Toxikotasun plusa zeukaten, 106 eurokoa, eta ondoren baita jarduerari dagokion gainsari bat ere, 30 eurotik 200 eurora artekoa», Aspiazuren arabera. Hori nahikoa ez, eta emakumeek atseden egunak aste barruan hartu behar izaten zituzten, larunbatetan lan eginez. Baldintza horiek hobetzeko, 170 langiletik 70ek lanuzteak egin zituzten.
Erakundeetako hainbat ate jo zituzten, Eusko Jaurlaritzako lan delegaritzakoa eta Emakundekoa, besteak beste. Denek ere genero bazterketa aipatzen zuten, eta enpresarekin baldintzak negoziatuta, egoera orekatzea lortu zuten langileek.
«Enpresak greba egin genuenon aurka errebantxa hartu nahi izan zuen ondoren», Aspiazuren esanetan, eta 2012ko urtarrilean 25 langileri eragingo zion erregulazio espedientea aurkeztu zuen. Eusko Jaurlaritzak, ordea, atzera bota zuen, kaleratzeak aukeratuak izan zirela adierazi ostean.
Martxoan, lan erreforma eskuan, erakundeen bitartekaritzarik gabe lekualdatze bat proposatu zien enpresak 23 langileri. «Aurreko zerrendako ia berak gara», Apolinarren esanetan. Joan izan balira, lekuan lekuko lan egoeren arabera lan egin beharko zuten, ordea. «800 euroren truke aldaketa hori egingo duen inor ez dago, seme-alabak eta bikotekidea hemen izanda gainera». Behin ebazpena jakinda, gustura agertu dira langileak, baina Aspiazuri amorrua ematen dio prozesu honek guztiak: «Berez emanda beharko luketen eskubideak borrokatzen aritu baikara behin eta berriz». Horregatik, babes handiagoa eskatu du erakundeen aldetik, etorkizunean izan ditzaketen gatazketarako.
«Beste behin gure aurka etorriko dira»
Arrigorriagako Indusal enpresak egin gura zituen leku aldatzeak atzera bota ditu Bilboko epaitegiak. 2008an enpresako langileek berdintasunaren alde hasi zuten ibilbidean jarritako beste mugarri bat da ebazpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu