Lan baldintzak

Beste bilera bat egingo dute soldata arrakalaren gaiaz

Jaurlaritza, LAB, CCOO, UGT eta Confebask patronalak bilera egin dute soldata arrakalaren arazoa aztertzeko, ELA gabe. Martxoaren 12an egingo dute hurrengoa, eta Emakunde ere han izango da. LABek ez du argitu joango den.

Soldata arrakalari buruzko Jaurlaritzaren bilera LAB, CCOO eta UGTrekin. MARISOL RAMIREZ, ARGAZKI PRESS
Irune Lasa.
2018ko otsailaren 21a
13:53
Entzun

Datorren martxoaren 12rako jarri dute hitzordua emakumeen eta gizonen arteko soldata desberdintasunaren arazoaz hitz egiten jarraitzeko, eta bilera horretan izango da Emakunde ere, soldata arrakalari buruzko datuak eman ditzan. Gaur lehen aldiz bildu da gaia aztertzeko Jaurlaritzak deitutako mahaia, eta bertan parte hartu dute LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako partaideek eta Confebask patronaleko kideek. ELAk, berriz, uko egin dio gaurko bileran parte hartzeari, eta soldata arrakalaren kontura «propaganda» egin nahi izatea leporatu dio aste honetan Jaurlaritzari.

Ez dago argi, dena den, LABek parte hartuko duen martxoaren 12ko mahaian. Hasteko, gaurko abiapuntua ez zaie positiboa iruditu, eta ikusi egin behar dute egiaz asmorik dagoen soldata arrakalaren kontrako urratsak egiteko. LABek salatu duenez, Confebaskek "argi utzi du haientzat soldata arrakala ez dela diskriminazioa, eta bere erantzukizuna ukatu du". Hain zuzen, soldata arrakalari buruzko egiazko datuak dituztenak enpresak direla esan du LABek, eta haiei zuzenean eskatzen hasiko zaizkiela bihartik aurrera. "Errealitatea enpresetakoa da, eta datu horiek eduki behar ditugu. Patronalak erantzun ona ematen badigu, arrazoiak izango ditugu hurrengo bilerara joateko", azaldu du LABeko Arantza Vazquezek.

Jon Bilbaok Confebaskeko giza baliabideetako arduradunak ez du erantzun LABek eskatutako datu horiek emango dituzten ala ez. Bilboaren ustez, berriz, "bilera ongi joan da", eta enpresetan berdintasunik ez egoteak "kalte egiten dio lehiakortasunari". Confebaskeko ordezkariaren aburuz, "ikusi egin behar da soldata arrakala zeren araberakoa den. Epe laburrean lan esku kualifikatuaren gabezia bat izango da, eta hori sekulako aukera izango da soldata arrakala murrizteko.

Gaurko bileraren deitzaileak, Jaurlaritzako Lan sailburu ordeak, berdintasun planak enpresetan hedatzearen garrantzia azpimarratu du bileraren ostean, eta ELA mahaira ez agertu izana kritikatu du: "Ez du zentzurik ez agertzeak proposamena Legebiltzarretik datorrenean, ez da Jaurlaritzaren apeta bat".

Urkulluren eskaria ELAri

Hain zuzen, bilera hasi aurretik Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak, ELAri eskaera zuzena egin dio gaur goizean bertan. Bileran parte hartu behar zutenei "konpromisoa" eskatzearekin batera, "ez joatea erabaki duenei" galdegin die "ez dezatela elkarlana oztopatu". Lehendakariaren ustez, "bidea korapilotsua izan arren" bileren parte hartzen dutenek "aurrera egin nahi dute" berdintasunaren gaian, "gizarte aurreratu batean onartezina den desberdintasun bat eragozteko".

Elkarrekin Podemosek Eusko Jaurlaritzari egin zizkion eskakizunen ondotik dator gaurko bilera. Eskakizun horiek Eusko Legebiltzarreko alderdi guztien babesa izan zuten eta proposamen horren harira, Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak patronala eta sindikatuak deitu zituen bilerara.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.