Espainiako Poliziak bost lagun atxilotu zituen atzo, Nafarroan, martxoaren 29ko greba orokorrean istiluak eragitea eta lanerako eskubidea urratzea egotzita.LABek jakinarazi duenez, atxilotuetako bat Saul Arangibel da, sindikatuko zerbitzu pribatuen arloko arduraduna. Beste bat adingabea dela esan dute zenbait informazio iturrik. Atxilotuak Iruñeko polizia etxera eraman zituen Poliziak, epaileak deklaratzera deitu bitartean.
Martxoaren 29tik 35 lagun atxilotu ditu Espainiako Poliziak Nafarroan, guztiak ere arrazoi beragatik: hamabi greba egunean bertan, beste lau ondorengo egunetan —haietatik bi LABeko ordezkariak—, beste hamalau apirilaren 19an eta azken bostak atzo. Operazioak, baina, zabalik jarraitzen du; datozen egunetan atxilotu gehiago egon daitezke, beraz.
LABek gogor kritikatu ditu atzoko gertaerak, eta frankismo garaiko moldeetara itzultzea egotzi dio Espainiako Gobernuari. «90eko hamarkadan intsumisioaren mugimenduarekin gertatu bezala, PPk eta UPNk errepresio estrategia berriak entseatzeko laborategi gisa erabili nahi dute Nafarroa». Baina ohartarazi die ahalegina antzu aterako zaiela, «Poliziaren azpijokoekin ez dutelako geldiaraziko justizia sozialaren aldeko gizarte mugimendua».
Atxiloketak greba orokorrak izan zuen arrakasta isilarazteko darabiltzatela ere adierazi du sindikatu abertzaleak. Horregatik, ezinbestekotzat jo du «langileen kontrako erasoari» erantzun zabal bat ematea, sindikatuek zein alderdi politikoek. Atzo arratsaldean bertan, atxiloketak salatzeko elkarretaratzea egin zuten Espainiako Poliziaren Iruñeko komisariaren parean, eta gaur, 12:00etan, gauza bera egingo dute Espainiako Gobernuko ordezkaritzaren parean.
ELAk ere gogor gaitzetsi ditu atxiloketak; haren ustetan ere grebaren arrakasta isiltzeko estrategia baten barnean egindakoak dira. Gainera, esan du estrategia hori bat datorrela grebarako eskubidea murrizteko Espainiako Gobernuaren asmoarekin, haren irudiko aurki hasiko dutelako horren inguruko eztabaida kongresuan.
Beste bost atxilotu, greba eguneko istiluengatik
Saul Arangibel LABeko zerbitzu pribatuen arloko arduraduna eta adingabe bat daude atxilotuen artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu