Maiatzean albiste onak iritsi ziren Sestaoko Naval ontziola historikora Herbehereetako TESO konpainiarekin sinatutako kontratu berriaren harira, baina lan karga emango duen ferrya ez da nahikoa izango ontziolak duen egoera larria konpontzeko; arintzeko bai, ordea. Zuzendaritzak, nolanahi ere, beste lan erregulazio bat aurkeztu du 140 langirentzat. Beharginak lanik gabe izango dira uztailaren 31tik abenduaren 31ra arte, aurtengo bigarren seihileko osoa.
"Kontratu berria lortu arren, aurreikuspenen barruan zegoen neurri hau", esan du langile batzordeak. TESOrentzat eraiki behar den ferryaren lan mardulak ez dira irailera arte hasiko, zuzendaritzak batzordeari azaldu dionaren arabera. Orduan ekingo diote txapa mozteari, eta urritik aurrera ontziaren eraikuntzari. Hala, abedura arte ez da lanik izango denontzat, eta nahiz eta ferryaren eraikuntzak bi urteko lan karga eman, abendutik aurrera islatuko da hori.
Dosierra negoziatzen
Hamabost eguneko kontsulta epea zabaldu da orain, erregulazio dosierra negoziatzeko. Langile batzordeak bederatzigarrena "azken erregulazioa" izatea eskatuko dio zuzendaritzari; "enpresak guztientzako lana lortu behar du kontratu berrien bidez". Gainera, bideragarritasun plan bat egin behar dela sinetsita daude langileen ordezkariak, ontziolaren egiturak berrituz.
Zuzendaritzak lan karga handitzen saiatzen ari dela helarazi die langileei, eta kontratu berriak lortzeko lanean ari dela, zabalik dituen hainbat negoziazioetan. Negoziazio horiek "isilean" eraman behar dituela ere jakinarazi die, eta ezin duela horri buruz gehiagorik esan. Batzordeak espero du kontratu berri horiek iritsi daitezen egin beharreko bidea ez izatea azken kontratua lortzeko egin zena bezain luzea. Politikariei "bankuak estu hartzeko" eskatzen jarraituko dutela ere gaineratu du batzordeak.