Gaur LABek, ELAk eta UGTk azaldu dutenez, sektorea ondo dago, enpresek lan karga handiak dituzte eta Gipuzkoako arte grafikoetako langileek KPIa baino soldata igoera handiagoa merezi dute. Uste dute, halaber, badela garaia neurri sozial jakin batzuk jasotzeko hurrengo lan itunean, beharginen lan baldintzak ezarriko dituen horretan.
Horregatik, ekainean eta uztailean lau greba egin ostean, Adegi patronalak ituna negozia dezan eta euren eskariak aintzat har ditzan, sindikatuek orain beste lau greba egunera deitu dute, irailaren 25 eta 26rako eta urriaren 2 eta 3rako. “Ez dira azkenak izango”, ohartarazi dute, “sektorearentzat justua eta onargarria den hitzarmen bat lortu arte mobilizatzen” jarraitzeko asmoa dutelako.
Otsailean osatu zen Gipuzkoako arte grafikoen sektoreko negoziazio mahaia, eta hiru sindikatuek salatu dute zortzi hilabeteotan Adegi patronalak eskaintza soil eta bakarra egin diela, inflazioaren adinako soldata igoera, eta langileen eskaera guztiak baztertu dituela. Sektorearen egoera ona ikusita, Adegiren jarrera “ulertezina eta onartezina” egiten zaie sindikatuei, uste dutelako bere proposamena hobetzeko tartea baduela enpresen aldeak.“Adegiren borondate falta eta arduragabekeria salatu nahi ditugu”.
LABeko Laida Zubillagak, ELAko Eneko Agirreurretak, eta UGTko Angel Ramosek hitzarmenerako dituzten eskaeretako batzuk azaldu dituzte gaur egindako agerraldian. KPIa gaindituko duen soldata igoeraz gain, haien ustez, ezinbestekoa da lan baldintzak hobetuko dituzten puntuak sartzea. Besteak beste, lizentzien egokitzapena eta hobekuntza nahi dituzte; adibidez, lanegunak hartzea aintzat senideen heriotzagatik har daitezkeen bi lizentzia egunetarako, edo guraso bakarreko familien egoera kontuan izatea.
Kontratazioetan hobekuntzak izatea ere garrantzitsua dela uste dute LABek, ELAk eta UGTk; batez ere, behin-behinekotasuna murrizteko eta kontratazio berrietan gertatzen diren bidegabekeriak eragozteko. Esaterako, ez dadin gerta besteek bezala eta bezainbat lan egiten duen behargin berriari dagokiona baino kategoria txikiagoa aitortzea. Hiru sindikatuek lan hitzarmenaren blindajea eta errelebo kontratuaren aukera ere nahi dituzte Gipuzkoako arte grafikoetako lan hitzarmen berrian.